Eskola Kirola sustatzeko laguntzak onartu dira Elizalde Herri Eskola eta Haurtzaro Ikastolarentzat
Atzoko ohiko udalbatzarra COVID19ak eragindako biktimen omenezko minutu bateko isiltasunarekin hasi zen, EUDELen deialdiarekin bat eginez. Baldintza berezietan egin zen azken udalbatzarra ere: zazpi zinegotzik bertan parte hartu zuten (EH Bilduko bostek eta EAJko bik) eta gainerakoek etxetik, telematikoki.
COVID19ak eragindako larrialdi egoeraren inpaktu ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zergen egutegia moldatzeko alkate dekretuen berri eman zen ondoren.
Hondakinen bilketa eta hiri garbiketa zerbitzuaren esleipena ere onartu zen: FCC Medioambientek jarraituko du lan hau egiten, hiru urtez (beste bi urtez luzagarria). 1.261.975,95 €an esleitu da kontratua. Udalak bi eskaintza jaso ditu, baina aurkeztutako hobekuntzak aztertu ondoren, FCCk jarraituko du zerbitzua ematen (EAJ abstenitu egin zen).
Kirol elkarteei dirulaguntza aurreratuko zaie
2021eko herriko jai egun ofiziala izendatu zuten ahobatez zinegotziek: abuztuaren 3a izango da, asteartea.
Ergoien, Gurutze eta Karrikari taxibus zerbitzua ematen jarraitzeko hitzarmena luzatu zen beste urtebeterako.
Kalitatezko Eskola Kirola eskaintzeko, Haurtzaro Ikastolarekin eta Elizalde Herri Eskolarekin hitzarmena eta dirulaguntza onartu zen ahobatez, Eskola Pilota, Muittu! eta Eskola Kirolako koordinazio jarduerak aurrera eraman ditzaten.
Herriko kirol elkarteei dirulaguntza aurreratzea ere onartu zen (%50). COVID19ak eragindako larrialdi egoerak euren ohiko funtzionamenduan sortu dituen arazoak arintzeko balioko du laguntzak, aurrerapen gisa. Sei elkarte izango dira onuradunak.
49 euroko protokolo gastua egin da maiatzean, harpidetzatan.
Galdera-eskarietan, bono kanpaina hizpide
Galdera-eskarien atalean EAJko Janire Mitxelenak herriko komertzioak eta ostalaritza sustatzeko Udalak martxan jarri duen bono-kanpainaren inguruan "azalera handiko saltokietan dauden denda txikiek parte hartzeko oinarriak aldatzea" proposatu zuen. Jeltzaleek, bestela, "kanpainarekin oso ados daudela" esan zuten.
Jexux Leonet alkateak azaldu zuen "herrian eta auzoetan dauden establezimenduak sustatu" nahi izan direla, "ez dutelako bezeroen bermea. Bonoekin herritarrei ematen diegu laguntza eta kontsumoa bideratu nahi dugu". Hala ere, proposamena kontuan hartuko dutela erantzun zuen.
Alkateak aurreratu zuenez, Udala dirulaguntza zuzenak prestatzen ari da COVID19ak eragindako larrialdi egoeran itxita egon behar izan duten edo fakturazioa jaitsi zaien merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzat: "Azalera handiko saltokietan dauden dendek ere eskatu ahal izango dituzte, badakigulako eurengan ere ondorioak izan dituela egoera honek".
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika