Urkabe Baitan zuzkidurazko eta alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena onartu du Udalak

Ezohiko egoeran egin zen atzoko udalbatzarra

Ezohiko egoeran egin zen atzo apirileko ohiko udalbatzarra. Zazpi zinegotzik (EH Bilduko bostek eta EAJko bik) parte hartu zuten presentzialki eta gainekoek etxetik telematikoki jarraitu zuten bilera.

Landu zituzten gaien artean, Urkabe Baitan zuzkidurazko eta alokairu sozialeko etxebizitzak garatu ahal izateko, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenean aldaketak sartzea onartu zen. EH Bilduren aldeko botoekin atera zen aurrera gaia. EAJ abstenitu egin zen.

Jexux Leonet alkateak Gobernu Taldea egitasmoarekin eta hitzarmenarekin "gustura" dagoela azaldu zuen. "Herrian dauden behar sozialei erantzuteko aukera izango dugu, Plangintza Urbanistikoak eremu horretarako ematen dizkigun aukerak errespetatuz. Gainera, Elizalde auzoa eta Urkabe eremuaren arteko lotura seguru eta txukuna lortuko dugu".

Rafael Bergaretxe EAJko zinegotziak euren abstentzioa azaldu zuen: "Ez gaude ados proiektuarekin. Ez dugu esaten ez direnik behar zuzkidurazko etxebizitzak, baina ez eremu horretan".

Lintziringo lur soberakinak erabiltzen utziko zaie bertako enpresei

Gainerako gaiak ahobatez onartu ziren. Horien artean, Lintzirin eremuan zerbitzu-bidea eraiki ondoren geratu diren udal jabetzako lur soberakin 20 urterako (Udalak haien beharrik ez balu) Leroy Merlin, Easo Motor eta Argitze Eder enpresei uztea dohainik, aparkaleku gisa erabiltzeko. Zerbitzu-bidea egiteko, enpresa horiek lurrak zesioan eman zituzten.

Martxoko protokolo gastua 500 € izan zen inprenta-lanetan eta apirilekoa, 0 €.

Gehigarriak

Urkabe Baitan zuzkidurazko eta alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena onartu du Udalak