Euskara, Kultura eta Kirol arloko gaiak jorratu dira otsaileko udalbatzarrean
Otsaileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Hasteko, Lanbarren Parke Logistikoa SA erakundean Jexux Leonet Elizegiz gain, bigarren titular bat izendatu zuen Udalak, erakundearen estatutuek hala eskatzen dutelako. Agustin Lekuona Irastorza EH Bilduko zinegotzia izango da ordezkari hori.
UEMAk Fermiñene egoitzan lanerako zenbait espazio erabiltzen jarraitzeko hitzarmena luzatzea ere onartu zen ahobatez. Mendiburu 14 eraikin egitean, Euskara arloko gainerako eragileekin batera hara lekualdatuko da UEMA, baina bitartean Fermiñenen jarraituko du.
Arraztalo elkartearentzako urteko laguntza
Arraztalo Elkarteak gaixo psikikoak eta gaixotasun psikikoak gizarteratzen egiten duen lanarekin jarraitzeko 53.000 €ko diru-laguntza jasoko du aurten. Ahobatez onartu zen puntu hau ere.
Heteropterus Gipuzkoako Entomologia Elkartearekin hitzarmena ere berritu zen, ahobatez. Hitzarmenari esker, hurrengo lau urteetan Pagoaldea poligonoan udal jabetzako lokal bat erabili ahal izango dute.
Xorrola herri barruko autobus zerbitzuaren kontratua egokitzea ere onartu zen ahobatez. Beharra Xorrola Mugi sistmean sartu delako sortu da.
Hiri garbiketa eta hondakinen bilketa zerbitzua berriz esleitu arte, FCCren kontratua luzatzea ere onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen puntu honetan. Adostasuna egon ez zen puntu bakarra izan zen hau.
Kultur eragileei laguntzak banatu zaizkie
Kultur eragileek 2020an herrian ekintzak antolatzeko diru-laguntzak ere onartu ziren atzo. 26 eragilek aurkeztu dituzte proposamenak eta horien artean 43.250 € banatuko ditu Udalak.
Kirol elkarteen funtzionamendurako diru-laguntzen ordenantza ere onartu zen atzo, ahobatez. 54.000 € bideratuko ditu Udalak funtzio horietara. GAOn argitaratu ondoren irekiko da eskaerak egiteko epea.
Otsaileko protokolo gastua 21,50 € izan da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika