Oiartzunek badu bere burua hornitzeko gaitasuna baratzagintza, frutagintza eta abeltzaintzarako lur eremuari dagokionez

Udalak elikadura eta lur ondarearen inguruko diagnostikoa landu du

Oiartzungo Udalak herriko eliakdura eta lur-ondarea aztertu ditu. Herritarren elikadura kontsumoa, eskaera eta lehenengo sektorearen egoera; gaur egun landa-lurren erabilera zein den eta lur horiek elikagaiak sortzeko zein gaitasun duten aztertu da.

Atzo, jendaurrean aurkeztu zen diagnostikoa. Interesa piztu zuen eta beran izan ziren Gobernu Taldeko udal ordezkariak; herriko baserritarrak; Elika, Arraztalo eta Labore Oarso proiektuetako ordezkariak; herritarrak...

Gipuzkoako lehenengo herria gisako ikerketa egiten

Oiartzun Gipuzkoako lehenengo herria izan da tankera honetako ikerketa bat egiten. Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak gogora ekarri zuen azkeneko urteetan orokorrean ekoizpenerako landa-lurra galdu dela, baina landa-lur osasuntsua babesteko geroz eta aukera eta premia gehiago dagoela azpimarratu zuen.

Diagnostiko hau "udalarentzako eta herritarrentzako tresna" dela zehaztu zuen Esnaolak. "Udal gutxi izango dira Euskal Herrian, eta are gutxiago Gipuzkoan, horrelako informazioa duena bere landa-lurraren inguruan".

Auto-hornikuntzarako gaitasunen neurketa

Julen Landa Gislaneko teknikariak eman zituen Oiartzungo diagnostikoaren datu nagusiak. Elikagaien kontsumoari dagokionez, azken urteetan ez da aldaketa handirik izan. Kontsumoa igo da herria handitu den heinean. Biztanleriak hazten jarriatuko duela aurreikusten da, beraz, kontsumoak ere bai.

Elikagaien kontsumoan egiten den gastua, aldiz, proportzioan gehiago hazi da. 2018an, 18 milioi euro gastatu zituzten oiartzuarrek elikagaietan. "Bertako eta kalitatezko produktuei arreta handiagoa" ematen zaiela aipatu zuen horren arrazoien artean Landak.

Aldiz, lehenengo sektorearen joera justu kontrakoa izan da: herriko ekonomian duen pisua geroz eta ttikiagoa da (ez da %1era heltzen) eta langile kopurua ere beheiti doa (gaur egun, lehenengo sektoreko 63 profesional daude Oiartzunen).

Baratzagintza, frutagintza eta abeltzaintzarako lurren egokitasuna nerutzea izan da diagnostikoaren helburu nagusienetako bat. Baratzagintzarako eta frutagintzarako lur egokiak edo oso egokiak zalera osoa kontuan hartuta ez dira gehiegi, eta eremu urbanoaren inguruan daude gehienak (Altzibarren, Ugaldetxon, Iturriotzen eta Arraguan). Hain zuzen ere, artifizializatzeko aukera gehien dituzten eremuak dira horiek. Abeltzaintzarako lurren egokitasuna handiagoa da.

"Oiartzunek auto-hornikuntzarako baratzagintzarako 77 hektarea, frutagintzarako 87 eta abeltzaintzarako 271,3 hektarea beharko lituzke. Soberan gainditzen du kopuru hori", azaldu zuen Landak. "Larrialdi klimatiko egoera honetan, lurraren artifizializazioa mugatzeko lurra elikadurara bideratzea oso estrategia interesgarria litzateke", erantsi zuen.

Aztertutako lurren katalogazioa labur.eus/oiartzun_lur helbidean dago herritarren eskura eta  www.oiartzun.eus-en ere zintzilikatu da diagnostikoa.

Oiartzungo arriskuak eta aukerak

Egindako diagnostikoaren arabera, Esnaolak Oiartzunek aukera eta arriskuak dituela azaldu zuen. Aukeren artean, herriaren kokapena dago (inguruan herri handiak ditugu eta ekoizpena haiei ere eskaini liezaioke). Oiartzun errenta eta formakuntza altuko herria da eta halakoetan bertako eta kalitatezko produktuen aldeko joera nabarmena izaten da.

Azken urteetan herrian martxan jarritako proiektuak ere aipatu zituen Esnaolak indargune gisa: Udalaren Lurbizi egitasmoa; Elika kooperatiba; Labore Oarso denda... "Industriak ez du berriz izango garai batean izan zuen garapena Oiartzunen eta elikaduraren sektoreak turismoak baino lanpostu gehiago sortu ditzake", gaineratu zuen.

Era berean, "produkzioa eta kontsumoaren arteko loturak egiteko aukera handiak" egon daitezkeela aipatu zuen Esnaolak: ikastetxeetako jantokiak, zaharren egoitzakoa, lantegi handietakoak... hornikuntza herriko ekoizpanerekin egiteko moduak aztertzea proposatu zuen, adibidez.

Arriskuen artean, baratzagintza eta frutagintzarako lur onenak dauden eremu periurbanoetan bestela interesak (komertzialak, immobiliarioak...) egoten direla aipatu zuen. Bestetik, lehenengo sektoreko profesionalen errelebo falta eta zahartzea ere arrisku puntuen artean aipatu zituen.

Gehigarriak

Oiartzunek badu bere burua hornitzeko gaitasuna baratzagintza, frutagintza eta abeltzaintzarako lur eremuari dagokionez