Luberri, Soinuenea eta Haurtzaro Ikastolari ere laguntzak emango zaizkie
Urteko lehenengo udalbatzarra izan zen herenegun. Ahobatez onartu ziren gai zerrendan landu ziren 10 puntuak. Luberri Ikasgune Geologikoarekin eta Soinuenea Fundazioarekin lau urterako hitzarmenak onartu ziren. Luberriri Pagoaldea industrialdean lokala utzi eta 62.797,99 euroko diru-laguntza urtean ematea adostu zen. Soinueneari, berriz, Ergoiengo eskolak eta biltegitarako hiru lokal (bi Landetxen eta Altzibarko eskola zaharra) uztea eta urtero 93.300 €ko diru.laguntza emango zaio.
Urmendi Haur Eskolari 2020an egin beharreko ekarpen ekonomikoa ere onartu zen. Guztira, 700.000 € bideratuko ditu Udalak 0-3 hezkuntza partzuergora. Haurtzaro Ikastolaren ekarpena ere onartu zen, ahobatez. Ikasleko 446 € bideratuko ditu Udalak, mantenu gastuetarako.
Gai-zerrendatik kanpo, REDESAk energia elektroniko, ura eta gasaren udal jabaria erabiltzeagatik Udalak jarritako tasaren kontra abiatutako prozesua aztertu zen. Euskadiko Auzitegi Nagusiak Redesari eman dio arrazoa, Udalaren kaltetan, baina Udalak -ahobatez- kasazio errekurtsoa jartzea erabaki du, "Espainiako estatuan antzeko tasak dauden herrietako kasuak aztertuta".
Abenduko protokolo gastuaren datua eguneratu zen, guztira 2.550 € pasatxo izan baitziren luntx, webguneko mantenu eta bidaia gastuetan. Urtarrilean ez da protokolo gasturik izan.
Bukaeran, EAJ-k Manuel Lekuona bibliotekako fatxadaren kolorea nork erabaki duen galdetu zuen. Agustin Lekuona Hirigintza zinegotziak erabakia "teknikoena" izan dela azaldu zien, "adituen irizpidea da udal eraikinek nabarmendu egin behar dutela gainerakoetatik. Kolorea da horretarako moduetako bat".
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika