Indarkeria matxistaren diagnostikoak herriko egoera eta lehentasunak argitu ditu

Udaleko Feminismo sailak aurkezpen irekia egin zuen atzo

Oiartzunen indarkeria matxistaren eraginaren diagnostikoa aurkeztu zuen atzo Oiartzungo Udaleko Feminismo sailak. Diagnostikoa egitearen helburu nagusia "herrian dagoen egoera jakitea" izan da, "aurrerantzean lanerako lehentasunak ezartzeko eta gure lana hobetzeko premiak identifikatzeko".

2016 eta 2019ko maiatza arteko datuekin eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta ematen dioten arlo ezberdinetako profesionalekin (Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta udaltzaingoa; osasun zerbitzuak; Ertzaintza; herriko ikastetxeak...) osatu da diagnostikoa. Udalak Emakunderen diru-laguntza jaso du lan hau egiteko.

Indarkeria matxistaren Oiartzungo datuak

Diagnostikoa egiteko SATEVI-n (tratu txarrak eta sexu indarkeria pairatu dutenentzako Eusko Jaurlaritzaren telefonozko arreta zerbitzua: 900 840 111), Ertzaintzan jarritako salaketak, Oiartzungo Udaleko Gizarte Zerbitzuaren eta osasu zerbitzuetako datuak erabili dira.

"Datu guztiak jakitea ez da erraza, emakume denek ez dutelako laguntza eskatzen edo salaketa jartzen. Gainera, Datuen Babeserako Legeak ere datu guztiak izatea zailtzen du", adierazi zuten diagnostikoa landu duen Sortzen enpresako Maialen Intxaurtzak eta Maitane Iribar, Oiartzungo Feminismo teknkariak.

Kezka handiena, koordinazio falta

Zuzeneko arreta ematen duten gainontzeko erakundeekin ere egoeraren inguruan aritu da Udala diagnostikoa osatzeko. Gehienek, erakundeen arteko koordinazio falta, trebakuntza beharra eta baliabide eskasia aipatu dute. Oarsoaldean arreta ematen duten erakunde ezberdinen arteko koordinazio protokolo baten beharra ere maiz aipatu dute.

Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako Oarsoaldeko Autolaguntza Taldeak ere parte hartu du diagnostikoan. 2015etik martxan dagoen arren, oraindik taldea ezezaguna dela eta emakumeengana heltzeko zailtasunak dituztela aipatu dute. Herriko talde feminista eta emakume taldeek (Antiju Morik, Killirikupe eta HELTA), berriz, herritarren sentsibilizazioan eta hirigintza-plangintza ikuspegi feministatik eragiteko beharra ere aipatu dute.

Udala lanean ari da

"Arreta hobetzeko neurriak hartzen ari gara, baina azken helburua prebentzioan eragitea da, indarkeriarik existituko ez den gizarte parekide bat eraikitzeko", azpimarratu zuen Iribar Feminismo teknikariak.

Arreta hobetzeko neurrien artean, lehentasunezkoa eskualdeko protokoloa garatzea dela uste du Oiartzungo Udalak. Beste zenbait arlotan dagoeneko lanean hasia da Udala: udaltzaingoarekin, Gizarte Zerbitzuetako langileekin, udal teknikariekin eta herriko ikastetxeetan formakuntza saioak egin dira. "Zerbitzuak martxan jartxen hasia da Oiartzungo Udala eta koordinazio arazoak lehenbailehen konpontzea da gure lehentasuna".

"Oraindik lan asko dago egiteko", gehitu zuen Olga Leibar Feminismo zinegotziak. "Azken urteetan indarkeria matxistaren inguruko kontzientzia eta baliabideak hobetu dira. Gizarte aldaketak konplexuak eta motelak izan ohi dira". Oiartzuarrek herriko indarkeria matxistaren argazkia izateak "hausnarketarako" balioko duela uste du Udalak.

Gehigarriak

Indarkeria matxistaren diagnostikoak herriko egoera eta lehentasunak argitu ditu