Genero berdintasuna politika publikoetan txertatzeko formakuntza jaso dute udal teknikariek

24 teknikarik bost saio jaso dituzte bi adituren eskutik

Udaleko 24 teknikarik mainstreaming ikastaroa jaso dute, politika publikoetan berdintasun praktikak ildo nagusi izan behar dutela jabetzeko eta hori nola gauzatu baliabideak jasotzeko. Bost saiotan, 22 orduko formakuntza jaso dute bi adituren eskutik: Isabel Alonso Cuervo eta Marixe Noya. Saio presentzialez gain,  ariketa praktikoak ere egin dituzte on-line.

Europako Batasuneko, Espainiako estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko legeek diote berdintasun politikek politika publikoen ildo nagusiak izan behar dutela, arlo guztietan eta politika horien momentu guztietan. Era berean, ez diskriminatzea nahikoa ez dela eta berdintasun politikak aktiboki landu behar dela ere badio legeak.

Hori hala izan dadin, udal langileak eta politikoak formatzeko beharra dago: feminismoa, generoa, berdintasun politika, arlo bakoitzean nola eragiten duen, berdintasun politikak garatzeko baliabideak... ezagutu ditzaten.

Arlo ezberdinetako teknikariek hartu dute parte

Berdintasun politika aktiboakk egiteak lan moldeak aldatzea dakar eta, hori prozesu bat izango dela jabedun, Udalak formakuntza eskaini die bere teknikariei. Oiartzungo Udala lantzen ari den Oiartzungo I. Berdintasun Planean udal langileak eta politikoak formatzea lehentasunezkoa izango da.

Formakuntza saio hauetan arlo ezberdinetako teknikariek hartu dute parte: artxiboa;  biblioteka; brigada; Euskara; Giza baliabideak; Gizarte-Ongizatea; Idazkaritza; Informatika; Hirigintza; Kirola eta gazteria; Kontu-hartzailetza; kontratazioa eta udaltzaingoa.

Berdintasun Legearen marko juridikoa kokatu, genero ikuspegia politika publikoetan txertatzeak dauzkan ondorioez jabetu eta sailetan baliabideak jartzean joatea izan du helburu formakuntza saio honek. Bereziki landu dira datuen segregazioa, abiapuntuko egoeraren azterketa genero ikuspuntutik nola egin eta, diru-laguntza eta kontratazioetan nola sartu genero klausulak, udal teknikariek zuzen-zuzenean lantzen dituzten gaiak direlako.

Gehigarriak

Genero berdintasuna politika publikoetan txertatzeko formakuntza jaso dute udal teknikariek