Indarkeria matxista pairatzen duten 18 emakume artatzen ditu Udalak momentu honetan

Gaurko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du Udalak

Gaur, azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Oiartzun ere ez da salbuespena eta indarkeria matxista egiturazkoa da gure herrian ere. Oiartzungo Udalak indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraiki nahi du, non emakume guztiek bizitza duina izango duten. Oraindik egiteko lan handia dagoen arren, Oiartzungo Udalaren konpromisoa argia da bide horretan.

Oiartzungo Udalaren Gizarte-Ongizate zerbitzuak indarkeria matxista pairatzen duten 18 emakume artatzen dituzte momentu honetan. Aurten, 2019ean, bederatzi kasu berri heldu dira Udalaren zerbitzuetara. Emakume horiek adin txikiko 16 oiartzuar dituzte euren kargu.

Emakume horietako gehienak euren kabuz etorri dira Udalera, euren egoeraren berri eman eta laguntza eskatzera. Indarkeria matxistari aurre egiteko emakume horien ausardia baloratu nahi du Udalak.

Jarrera feministak argitara ateratzeko ekimenak

Oiartzungo Feminismo sailak azaroan zehar indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinak bistara atera eta horien aurrean jarrera feministak hartze ndituzten emakumeak azalera ateratzeko egitaraua antolatu du: Kontrako eztarritik bertso-saio literarioa; Comandante Arian dokumentala; Erradikalak ginen umorezko saioa eta autodefentsa feminista tailerra. 

Ekintza hauen balorazio positiboa egin du Feminismo sailak, bai ekintzen kalitate bikaina izan delako eta baita izan duten parte-hartzaile kopurua dela eta.

Gaurko elkarretaratzean parte hartzeko deia

Bide batez, Oiartzungo Feministen Asanbladak gaurko antolatu duen elkarretaratzean parte hartuko du Udalak. Gauza bera egitera gonbidatu ditu oiartzuarrak (Doneztebe plazan, 19:00etan).

Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeekiko elkartasuna adieraztea, indarkeria matxistak hildako biktimak gogora ekartzea eta erasotzaileen jarrera onartezina dela salatzeaz gain, aurrean izango gaituztela adieraziko da elkarretaratzean. 

Gehigarriak

Indarkeria matxista pairatzen duten 18 emakume artatzen ditu Udalak momentu honetan