5.536.337 euroan esleitu dira lanak
Mendiburu 14ko erabilera anitzeko udal eraikineko lanak esleitu dira: Eraikuntza Artapena SL izango da eraisketa lanak eta eraikina egingo duena. Sei enpresa aurkeztu dira lehiaketa publikora eta atzo, Kontratazio Mahaiak egindako proposamena onartu zuen udalbatzarrak, ahobatez.
Behin kontratua sinatuta, 25 hilabeteko epea izango dute lanak gauzatzeko. Guztira, 5.536.337,80 €an esleitu dira lanak. Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, "gure helburua urtea bukatu aurretik lanak hastea da".
Udalak Saltokiren zerga-kitapenak berritu beharko ditu
2014an Saltoki enpresak Udalaren zerga-kitapenaren kontra jarritako auzia bukatu da, Udalaren interesen kontra. Euskadiko Auzitegi Nagusiak ez du Udalaren kasazio errekurtsoa onartu. Beraz, Saltokiren zerga-ordainagiri zaharrak baliogabetu eta berriak sortu beharko ditu Udalak. Ahobatez onartu zen gaia.
Oarsoaldea Garapen Agentziari egin beharreko ekarpen ekonomikoa ere onartu zen: 173.000 € bigarren eta hirugarren hiruhilabeteko lanengatik.
Killirikupe eta HELTArekin hitzarmenak onartu dira
Killirikupe eta HELTA elkarteekin lau urterako hitzarmenak onartu ziren atzo, ahobatez. Emakumeen ahalduntzea eta formakuntza (helduen tailerrak) dute xede bi elkarteek eta euren jarduna gauzatu ahal izateko, Karaez 2ko lokala erabiltzen utziko die Udalak. Horrez gain, urteko 5.000 € jasoko ditu Killirikupek eta 20.000 € Heltak.
Oarsoaldeko udalek eta taxilarien elkarteek 2020rako adostutako tarifak ere onartu zen, ahobtez. Oarsoaldeko tarifak beste eskualdeetako bataz bestekora hurbiltzeko pentsatu dira, eskualdeak garestiagoak baitira.
Urriko protokolo gastua 0 € izan da.
Galdera-eskarietan, EAJko zinegotzi Janire Mitxelenak Ergoiengo bidegorrian farola batzuk itzalita daudela kexatu zen. Leonet alkateak "horrelako eskaerak Hirigintzan zuzenean egiteko" gomendatu zion, "aberia bat baldin bada lehenbailehen konpontzeko, eta arazoa larriagoa bada, aztertzeko".
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika