Auzo batzarren balorazio positiboa egin dute Gobernu Taldeak eta herritarrek

Erakutsitako informazioa eta aktak www.oiartzun.eus-en daude

Auzo batzarrak bukatu diren honetan, bileren balorazio positiboa egin du Udaleko Gobernu Taldeak. Batzarretan parte hartu duten herritarrek ere hala egin dute. Udalarantzeko auzo batzarrak herritarrak "ahalduntzeko prozesua" dira. "Auzoetan komunitatea sortzeko balio dute; iritzi desberdinak trukatzen dira eta herritarrek gaien inguruan duten ikuspuntuaren neurria hartzeko balio izan dute. Auzoetan jasotzen ditugun ekarpenak oso kontuan hartzen ditu Udalak", adierazi du Gobernu Taldeak.

Auzoetako kontuaz gain, herriko proiektu orokorrak eta 2020ko aurrekontu proposamena ere aurkeztu ditu Udalak batzarretan. Herritarrek eskertu dute "gardentasun" hori.

Auzo batzarretan erakutsitako materiala eta auzo bakoitzeko akta www.oiartzun.eus webguneko Udaleko saileko Auzoak atalean daude publikatuta.

Kexa gehien, bizikidetza arauak ez errespetatzeak eragindakoak

Auzo guztietan gehien errepikatu diren kexak bizilagunek arauak ez errespetatzeak dakartzen bizikidetza arazoak izan dira: ibilgailean abiadura handia; txakurrak solte eramatea eta hauen kakak ez jasotzea; hondakinak gaizki sailkatzea edo ateratzeko ordutegia ez errespetatzea... Herritarrek Udalari bizikidetza arauak errespetatzen ez dituztenekin neurriak hartu eta isunak jartzeko eskatu diote.

Horiez gain, herri mailako proiektuen inguruko iritzi eta ekarpenak ere jasoko ditu Udalak auzoetan: etxebizitza politika, Mendiburu 14ko eremua eta kultur aretoa, bidegorria...

Parte-hartzaile kopurua, aurreko urteen antzekoa

Aurtengoan, 124 lagunek hartu dute parte batzarretan. Ergoien, Altzibar eta Ugaldetxo auzoetan aurten igo egin da parte-hartzea. Kopurua aurreko urteetako antzekoa da. Udalak eskerrak eman nahi dizkie batzarretan parte hartu duten oiartzuar guztiei.

Emakume eta gizonen parte-hartzea aurten parekidea izan (erdia eta erdia), eta 30 urtetik goitikoak izan dira ia parte-hartzaile guztiak (%87,9).

Auzo batzarretan zuzeneko harremana sortzen da herritarren eta udal ordezkarien artean: iritziak trukatu eta zuzenean informatzeko aukeraz gain, ondoren harremana mantentzen da e-mail bidez, auzoari buruzko informazioa emateko ere bai.

Gazte batzarra egingo da azaroaren 18an

Azaroaren 18rako (astelehena) Udalak gazte batzarra antolatuko du, herriko gazteen beharren errealitatea bertatik bertara ezagutzeko eta Udalak burutan dauzkan proiektuak aurkezteaz gain, beraien proposamenak jasotzeko.

Gazteekin landuko den saioa dinamikoagoa izango da: Oiartzungo aurrekontuen azalpen laburra eta herriko proiektu nagusiak aurkeztu, Gazteria sailaren 2019ko ekintzen proposamen zehatza aurkeztu eta 2020ko aurrekontuan arlo honetako beharrekin lotuta egin beharrekoa onartzea (Udalak 5.000 € zertara bideratu erabakitzen utziko die gazteei).

Gehigarriak

Auzo batzarren balorazio positiboa egin dute Gobernu Taldeak eta herritarrek