Udal tasak eta zergak KPIaren arabera igoko dira 2020an

San Markos Mankomunitateak ez du onartu Oiartzungo Udalak auditoria egiteko egindako eskaera

Iraileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Besteak beste, 2020ko tasa eta zergen irizpide orokorra onartu zen, ahobatez. Kasu gehienetan KPIaren arabera igoko dira udal zergak (%0,80). Hala ere, tasa batzuk mantendu egingo dira, beste batzuk jaitsi (etxez etxeko zerbitzua) edo  igo (kiroldegiko tasa %2).

EAJk bat egin zuen EH Bilduko Gobernu Taldearen proposamenarekin. Rafael Bergaretxe bozeramaileak "oro har, planteamendu egokia" iruditzen zaiela esan zuen. Hala ere, gehitu zuen "hondakinen tasak kezka sortzen digu. Sarrera-irteera artean aldea dago eta aukera bat da, beste herri askok egiten duten bezala, Udalak bere gain hartzea falta dena. Baina horrek kezka sortzen digu".

Jexux Leonet alkateak ekarpena jasota geratzen zela esan zion. "Hondakinen, uraren eta kirol instalazioen zerbitzuak defizitarioak dira, adibidez. Gipuzkoan sortu diren azpiegiturek udalerrietako ekonomian ze inpakto izango duten aztertu beharko da".

San Markos Mankomunitatearen 2017ko aurrekontuak, bertan behera

San Markos Mankomunitatearekin lotuta, auzitegietako jakinarazpena heldu dela berri eman zen: 2017ko aurrekontuak baliogabetu zituen Euskadiko Auzitegi Nagusiak, garbigunea duten herriek zerbitzu horren gastu osoa bere gain hartzea ez zelako legezkoa, Oiartzungo Udalari arrazoia emanez. Mankomunitateak kasazio helegitea jarri zion sententziari, baina auzitegiak ez du onartu. Beraz, erabaki sendoa da San Markoseko 2017ko aurrekontua baliogabatzea. "Kalkuluak egin eta gehiegi jarritako dirua jaso beharko dugu Hernanik, Usurbilek, Donostiak eta Oiartzunek", azaldu zuen Eneritz Arbelaitz San Markoseko Oiartzungo ordezkariak.

San Markos Mankomunitatearekin lotuta, Oiartzungo Udalak joan den maiatzean auditoria egiteko (10 urte baino gehiago dira egin ez dela eta tartean epaitegiek bertan behera utzitako aurrekontuak daude). Horrez gain, eskatu zen udal bakoitzaren ekapernak gastuak eta kitapenak jakinda kalkulatzeko. San Markosek bi kasuei ezezkoa erantzun die: ez duela auditoria egingo eta ez dela beharrezkoa kalkuluak hala egitea. "Eskatzen duguna Europako Zuzentarauak betetzeko neurriak hartzea da eskatzen duguna, eta oiartzuarren interesak defendatzen jarraituko dugu", gaineratu zuen Arbelaitzek.

Agintzarekin hitzarmena onartu da

Gai zerrendaz kanpo, Udala eta Agintzari elkartearen arteko hitzarmena onartu zen, ahobatez. Urtean 37.000 €ko diru-laguntza eta udaletxeko ganbaran lanerako toki fisiko bat jasoko du Agintzarik, ikastetxeetan eta herri mailan adin txikikoekin programak lantzen jarraitzeko.

Abuztuko protokolo gastua 3.378,40 € eta 2.450,38 € izan dira.

Eskari-galderen atalean, EAJk "herritar batzuk Elorsoro kiroldegiari buruzko kezka" helarazi dietela adierazi zuten. Leonet alkateak kiroldegia "azpiegitura garrantzitsua" dela eta "beti beharko ditu ekarpenak" esan zuen. "Saiatzen gara gertutik jarraitzen", baina, hala ere, Jarraipen Batzorde bat osatzea komeni litzatekeela adierazi zuen.