Xanistebanetako kultur ekitaldian, Oiartzun eta Karaezen arteko senidetza protagonista

Pier Elizondo omendu du Udalak

Ohi bezala, xanistebanak iragartzeko kultur ekitaldia izan da gaur. Oiartzun 2019 urtekaria aurkeztu eta xanistebanetako kartel lehiaketako irabazleek sariak jaso dituzte.

Hala ere, protagonista nagusia Oiartzun eta Karaezen arteko 25. urteko senidetza izan da gaur. Bertan izan dira Christian Troadec Karaezko alkatea, zenbait hautesti eta senidetza batzordeko kideak. Duela 25 urte Oiartzunen senidetza sinatu zuen Daniel Cotten garaiko alkateordea ere bertan izan da.

Oiartzun eta Karaezen senidetzari aitortza

Oiartzun eta Karaez herrien arteko senidetza ospatzeko, Christian Troadec Karaezko alkateak Anton Mendizabalek egindako Sutar eskultura jaso du opari, baina bretoiak ere opariarekin etorri dira. Bi herrien arteko elkartasuna goraipatu du Troadecek, eta hala jarrai dezala opa. Ildo beretik hitz egin du senidetza batzordeko Vincent Heydonek ere.

Joxe Mari Mendikute Oiartzun-Karaez Senidetza Taldeko lehendakariak bihar Arizmendi-enean egingo den ekitaldira gonbidatu ditu herritarrak.

Bideo emanaldi batek laburut da 25 urte hauetako bidea; tartean, Jon Iñarra alkate ohiak eta Mendikute zein Pepi Mujika senidetza taldeko kideen testigantzak bildu dira.

25 urte hauetako argazkiz osatutako erakusketa ere ikusgai jarri da. Xanisteban guztietan udaletxeko areto nagusian egongo da.

Pier Elizondori omenaldia

Pier Elizondo Oiartzabal izan da gaurko beste protagonista. Urtetan, beti isilean, egin duen lana goraipatu du Udalak, baita harekin han eta hemen aritu direnek eta etxekoek ere: Oiartzun-Karaez Senidetza Taldean, Ergoiengo Jai Batzordean eta xanistebanetako Jai Batzordean, Auzokalte eta Girizia elkarteetan, Mirentxinen... egin duen lanari esker onez, txapela jaso du.

Ekitaldia Olarriko Alazne Cruz eta Xanti Leonet dantzarien ohorezko kontrapasarekin bukatu da.

Gehigarriak

Xanistebanetako kultur ekitaldian, Oiartzun eta Karaezen arteko senidetza protagonista