Urkabe Baitan gazteentzako etxebizitzak garatzeko hitzarmena onartu dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak
Mendiburu 14n erabilera anitzeko udal eraikina egiteko proiektuak aurrerapauso handia eman du uztaileko ohiko udalbatzarrean exekuzio proiektua eta, gastu eta konpromiso-kredituak onartuta (ahobatez). Era berean, egungo eraikina eraisteko lanak eta proiektuaren gauzatze lanak lehiaketara ateratzea ere onartu zen. Prozedura ireki bidez esleituko ditu Udalak lan hauek. Guztira, 6.492.160,03 €ko aurrekontua izango du Mendiburu 14ko eraikinak. Udalak, diru hori hiru urtean finantzatzea adostu zuen: 2019, 2020 eta 2021eko aurrekontuetan aintzat hartuz.
Jexux Leonet alkateak duela hiru urte hasi zen prozesua laburtu zuen, "bereziki pozik gaude proiektua lantzeko izan den parte-hartzearekin". Exekuzio proiektuan, besteak beste, herritarren alegazio eta proposamenak txertatzeko ahalegina egin da. "Proiektu honek aspalditik Oiartzunen ditugun behar batzuei erantzungo die".
EAJk aldeko botoa eman zuen, "hasieratik ideia eta egin duen ibilbidea egoki" ikusi dituztelako. Hala ere, Rafael Bergaretxek "sorpresa" azaldu zuen eraikinak uste baino konstu handiagoa izango duelako, "azkenakdian ez diogu jarraipen askorik egin".
EAJk Landetxe plazaren berritzea ere aipatu zuen kezken artean. Leonet alkateak azaldu zion proiektua laster izango duela eskuartean Udalak, "teknikoki zuzenena lehenengo eraikina egitea eta jarraian Landetxe plaza konpontzea" dela azaldu zion.
Urkabe Baitan etxebizitzak egiteko hitzarmena onartu da
Urkabe Baita eremuan 20-25 etxebizitza dotazional eta alokairu sozialeko beste 15 eraikitzeko Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin egindako hitzarmena ere onartu zen. Oinarrizko hitzarmen horretan, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bakoitzaren betebeharrak zerrendatu dituzte. Besteak beste, Udalak eremu hori zesioan emango dio Jaurlaritzari, honek etxebizitzak garatu ahal izateko. EH Bilduko Gobernu Taldearen aldeko botoekin onartu zen hitzarmena.
Jexux Leonet alkateak adierazi zuenez, "batez ere gazteei begirako etxebizitza eskaintza sortzea da" Urkabe Baita eremuko proiektuaren helburua.
EAJ abstenitu egin zen, "nahiz eta begi onez ikusten dugu Urkabe Baita eremuari eutsi izana, beste aukera batzuk aztertzea" proposatu zuen, "Iparralde etorbidea eta Elizalde saturatuta" daudela gaineratuz. Hitzarmena "sorpresaz" hartu dutela ere gehitu zuen Bergaretxek, nahiz eta Hirigintza batzordean euren alderdiko ordezkariak proiektua aztertu duela gogorarazi zion Leonetek. Era berean, "zalantzak" adierazi zituzten jeltzaleek: "beharrezkoak al dira etxebizitza dotazionalak? Norentzat?".
Xorrola zerbitzua hiru urterako esleitu da
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Gizarte-Ongizatearekin lotutako hitzarmen bat ere onartu zen, ahobatez. Mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten erabiltzaileen zerbitzuaren kalitate jarraipena Aldundiaren eskumena izan arren, baliabide faltarengatik Udalaren esku uztea da hitzarmenaren funtsa. Jarraipena, gutxienez, bi urtean behin egingo da. Udalak hitzarmena onartu zuen, gehienez lau urteko epemugarekin.
Xorrolaren kontratua berritzeko prozesua ere bukatu da. Irailaren 1etik aurrera, hiru urtean, Autobuses Cuadra SA enpresak kudeatuko du herri barruko garraio publiko zerbitzua, 172.000 €ko aurrekontuarekin urteko. Enpresa bakarra aurkeztu da lehiaketara eta esleipena ahobatez onartu zen.
Kirol elkarteei eta ikastetxeei laguntzak jarduera fisikoa gauzatzeko
Kirol elkarteei ohiko jarduerak garatzeko dirulaguntzak ere onartu ziren. Guztira, 54.000 € banatuko dira herriko zazpi elkarteren artean (Haurtzaro Kirol Elkartea, Oiarpe, Oiartzun Kirol Elkartea, Oiartzungo Rangerrak, Oiartzungo Saskilagunak, Tximeleta eta Txost). Eskola Kirola, Eskola Pilota eta Muittu egitasmoak gauzatzeko dirulaguntza ere onartu zen Elizalde Herri Eskola eta Haurtzaro Ikastolarentzat. 46.000 € inguru jasoko dituzte jarduera fisikoarekin lotutako programa horiek garatzeko.
Harri Beltzarekin ere hitzarmena berritu zen: Ugaldetxoko udal lokala beste lau urterako uztea onartu zen eta urtean 6.000 €ko dirulaguntza ematea hiesaren kontrako sentsibilizazio jarduerak aurrera eraman ahal izateko.
Altzibarko eta Iturriozko jaiak gauzatzeko, bi auzoetako antolatzaileei 5.700 € helaratzeko hitzarmenak ere onartu ziren, ahobatez. Era berean, Altzibarren Olatxo lokala eta Iturriozko auzo lokala beste lau urtez erabiltzen uztea ere barneratua dute hitzarmenek.
Ekaineko eta uztaileko protokolo gastuak
Oarsoalde Garapen Agentziari, lankidetza hitzarmena berritu arte, lehenego eta bigarren hiruhileko gastuei aurre egiteko 86.900 €ko ordainketa egitea onartu zen ahobatez.
Ekaineko protokolo gastua 616 € izan zen bazkari eta luntxetan. Uztailekoa, berriz, 211,75 € bidaiatan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika