1936ko udalbatzarra gogoratzeko eta aitortzeko ekitaldia egin du Udalak

Plaka bat inauguratu da ekitaldi bukaeran

Gaurko egunez duela 83 urte, 1936ko uztailaren 27an, tropa frankistek Oiartzungo herria hartu zuten. Beorlegui eta Ortiz de Zarate koronelen tropak izan ziren Oiartzunera heldu zirenak, batzuk Lesakatik eta besteak Artikutzatik.

Gaur, udalbatzar osoak (EH Bilduk eta EAJk) frankistek kargugabetutako eta errepresaliatutako zortzi zinegotzi abertzaleen memoria omendu eta aitortu du, haien senideekin batera gauzatutako ekitaldi intimo batean.

Frankistek desegindako udalbatzar legitimoa

Frankistek Oiartzun hartu ondoren egin zuten lehenengo ekintzetako bat, 1936ko otsaileko udal hauteskundeetan oiartzuarrek -emakume oiartzuarrek bozkatu zuten bigarren udal hauteskundea ere izan zen, lehenengoz 1933ko urtarrilean bozkatu baitzuten- legitimoki aukeratutako udalbatzarra desegin eta, alkatea eta zazpi zinegotzi abertzale (guztiak EAJkoak) atxilotzea izan zen: Feliziano Belderrain Agirre (alkatea); Leontzio Aranburu Agirre; Manuel Irigoien Mitxelena; Segundo Berrondo Retegi; Jeronimo Ugaldebere Labandibar; Esteban Goienetxe Arozena; Luziano Aristizabal Etxeberria eta Jose Ignacio Odriozola Oiartzabal. Oiartzungo udalbatzarra 12 zinegotzik osatzen zuten.

Errepresalia gogorra pairatu zuten zortziek: kartzela-zigorra, trabajadoreen batailoia, deserriratzeak, ondasunen bahiketa, erbesteratzea... baita heriotza ere: Leontzio Aranburu eta Manuel Irigoien hil zituzten San Cristobaletik "aske" utzi ondoren. Segundo Berrondo zinegotziaren semeetako bat ere, 18 urteko Joxe Mari, hil zuten frankistek, Ugaldetxoko Aranguren baserrira aitaren bila joandakoan topatu ez zutelako.

Egia, aitortza eta erreparazioa

Iaz, Katin Txiki memoria historikoa berreskuratzeko herriko taldearen ekimenez, uztailaren 27an atxilotu eta errepresaliatutako zinegotzi haien izen-abizenei memoria egiteko oihala zabaldu zen udaletxeko balkoian.

Aurten, hilabetetako lanketa egin du Udalak oiartzuarren ordezkari politiko izan ziren gizaseme haiei dagokien erreparazioa eskaintzeko. Haien senideekin harremanetan jarri ondoren, haien memoria eta bizipenak berreskuratzeko ahalegina egin da. Udalak "zinegotziak, haien emazteak eta familiak" izan ditu gogoan.

Gaurko ekitaldian, errepresaliatutako zinegotzi guztien familiek hartu dute parte. Guztiek partekatu dituzte euren aitona, aita... izandakoen inguruko oroitzapenak herritarrekin. Eta denek bat egin dute Udala "eskertu" eta aitortza ekitaldiaren "beharrezkotasuna" aldarrikatzeko orduan.

Oiartzun, errepresio gogorra izan zuen herria

Kattin Txikik ere parte hartu du ekitaldian. Olatz Retegi taldekideak 36ko Gerrak eta ondorenak Oiartzunen izan zituen ondorioak -errepresio politikoa, kulturala, ekonomikoa...- gogora ekarri ditu eta "egia, erreparazioa eta justizia" aldarrikatu.

Besteak beste, 21 oiartzuar fusilatu eta desagerrarazi zituzten frankistek; 43 oiartzuar preso izan ziren Ondarretan, beste 43 San Cristobalen eta 57 Valladoliden, Puerto de Santa Marian eta Gursen. Emakumeen kontrako ile-mozketak, bortxaketak... ere izan ziren.

Bestetik, Gipuzkoako beste herrietatik ekarritako 117 lagun fusilatu zituzten Oiartzungo kanposantuko hormaren kontra frankistek, eta kopuru zehatza ez dakigun beste hainbat Artikutzako bidean. 2.700 trabajadoreren zigor-gune ere izan zen Oiartzun: Arkaleko, Babiloniako eta Aritxulegiko errepideak eraiki behar izan zituzten esklabo haiek.

Zinegotzi errepresaliatuen omenezko plaka

Lauaxeta poetak fusilatu aurretik idatzi zuen azken poema (Agur Euzkadi, Antton Valverdek musikatua)  kantatu du Alaitz Guridik gaur, Begoña Bergaretxek pianoan lagunduta.

Gaurko saioan, Jon Belderrainek -Feliziano Belderrain alkatearen semeak- aitaren euzko pasaportea eman dio dohaintzan Udalari, Oiartzungo artxiborako.

Jexux Leonet alkateak "iraganetik ikasiz, etorkizuna eraikitzea beharrezkoa" dela aldarrikatu du bere hitzartzean. "Familiekin bildu naizenean, beldurra ikusi dut, baina goraipatzekoa da beldurrari aurre egiteko erakutsi duten indarra eta adorea". Gertakari haietatik 83 urte pasatu zarren, "zauri handiak utzi zituen errepresioak eta horiek ixtea da gure helburua, zauri horiek aitortuz", gaineratu du Leonet alkateak.

Ekitaldia bukatzeko, 1936ko udalbatzarreko kide errepresaliatuen memoria oroitzeko plana inauguratu dute Leonetek eta Jon Belderrainek.

OROIMENA eta AITORTZA:

Feliziano Belderrain Agirre: Alkatea. Antiespainiarra izateaz akusatuta, kargutik kendu eta ondasun guztiak bahitu zizkioten. Lapurdin erbesteratu eta Kanbon hil zen.

Leontzio Aranburu Agirre: Lehenengo alkateordea. Kargutik kendu, ondasunak bahitu eta fusilatuta hil zuten.

Manuel Irigoien Mitxelena: Bigarren alkateordea. Iruñeko San Cristobalera eraman zuten preso. Han desagerrarazi zuten. Familiak ez daki non dagoen.

Segundo Berrondo Retegi: Zinegotzia. Euzko Nekazarien Bazkunako kide ere bazen. Ondasunak bahitu zizkioten. Ihes egitea lortu zuen. Urruñan erbestaratu zen lau urtez. Oiartzunera itzultzeko, 8.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen.

Jeronomiko Ugaldebere Labandibar: Zinegotzia eta Oiartzungo EAJko lehendakaria. Kargutik kendu eta San Cristobalen izan zuten preso.

Esteban Goienetxe Arozena: Lau urtez izan zuten preso San Cristobalen. Ondoren, Santanderrera deserriratu zuten.

Luziano Aristizabal Etxeberria: Euzko Nekazarien Bazkunako kide ere bazen. Ondasunak bahitu zizkioten eta San Cristobalen preso egon ondoren, Langile Batailoietara kondenatu zuten. Aritxulegiko errepidea egiten aritu zen 12.500 trabajadoreetako bat izan zen.

Jose Ignacio Odriozola Oiartzabal: San Cristobalgo gotorlekuan egon zen preso.

 

Gehigarriak

1936ko udalbatzarra gogoratzeko eta aitortzeko ekitaldia egin du Udalak