Pirinioetako Burdinaren Bidea erakusketa Arditurrira iritsiko da

Hilaren 31n bisita berezia gidatuko du Mertxe Urteaga arkeologoak

Uztailaren 31n, asteazkena, Arditurri Parketxean ikusgai egongo den Pirinioetako Burdinaren Bidea erakusketaren irekiera egunarekin bat eginez, Arditurriko meategian bisita berezia antolatu da, Mertxe Urteaga arkeologoarekin.

Mertxe Urteagak Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare historiko, artistiko eta artxiboaren zerbitzuan lan egiten du eta Gipuzkoako burdingintzaren nondik norakoak eta bitxikeriak ikasteko aukera izango da berarekin. Gainera, urte askoan Arditurri inguruko erromatar galerien indusketak bideratu ditu, beraz, aukera paregabea izango da meatzaritza sakonean ezagutzeko.

Hasiera: 10:00etan Arditurri parketxean

Bukaera: 12:00etan Arditurri parketxean

Oinez ibili beharrekoa: 500 metro

Arropa eta oinetako egokiak

Bisitaren deskribapena:

10:00-11:30: Meategi barruko bisita gidatua

11:30-12:00: Pirinioetako Burdinaren Bidea erakusketan bisita gidatua

Plaza mugatuak dira, beraz, aurre-erreserba egitea nahitaezkoa da. Bisita doakoa da.

Burdinaren Bidea proiektua

Garai batean, burdingintzaren jarduera ekonomikoa garrantzitsua izan zen Pirinioen bi aldeetan, eta oraindik ere horrela da hainbat tokitan. Azken urteetan, Okzitaniako, Andorrako, Kataluiniako eta Euskal Herriko zenbait erakundek hainbat egitasmo bultzatu dituzte siderurgiak utzitako ondarea ezagutarazteko.

Elkartean parte hartzen duten kideak hauek dira: Govern d´Andorra eta Comú d´Andorra; Akitaniako Communauté de Pays de Nay; Kataluiniako Museu de la Ciència y la Tècnica, Generalitata eta Gipuzkoatik, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Beasaingo, Eibarko, Ormaiztegiko, Mutiloako eta Zeraingo udalak eta Lenbur Fundazioa.

2018an kideak elkartu zirenean, elkartean sartzeko irizpideak aztertzeaz gain, bertatik ezagutu zuten Gipuzkoako burdinaren bidea eta horretarako Zeraingo Aizpea meategiak, Igartzako proiektua, Oiartzungo Arditurri meategiak, Aiako Agorregi burdinola, Eibarko armagintzaren museoa, Legazpiko burdinaren museoa eta Ormaizteko zubia bisitatu zituzten.

Elkarteak Burdinaren Bidea irudikatuz, 24 panalez osaturiko erakusketa ibiltaria antolatu du eta abuztuan Arditurriko parketxean izango dugu ikusgai, ohiko ordutegian. Aukera paregabea da burdingintzaren industriak Euskal Herrian eta Pirinioetako bi aldeetan utzi duen ondare aberatsaren aztarna ugari ezagutarazteko.

Informazio gehiagorako:

Arditurri parketxea

Telefonoak: 943 49 50 69/688 89 50 68

arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

Gehigarriak

Pirinioetako Burdinaren Bidea erakusketa Arditurrira iritsiko da