Haizea Saez de Eguilaz, Gazteria zinegotzia: Uste dut Oiartzunen gazte potentzial handia dagoela

Haizea Saez de Eguilaz Perez iturrioztarra da. EH Bilduko Gobernu Taldeko zinegotzi gazteena da, 22 urterekin. Euskal Filologian graduatua da eta Bigarren Hezkuntzako Irakasle masterra ere egin du. Intxixu AEKn irakasle dabil eta Haurtzaro Ikastolan ordezkapenak egiten ditu. Kuadrillategiko hezitzaile ere izandakoa da.

Gaztea bada ere, herri mugimenduan aritzea zer den badaki: Iturriozko Jai Batzordeko kide da, Ihote Taldekoa eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunekoa. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeko kide ere izan zen.

Udalean, Gazteria arloaren arduraduna izango da eta Iturriozko auzo arduraduna ere bai.

Gobernu Taldeko gazteena zara: zerk animatuta esan diozu baietz ardurari?

Erabaki zaila izan da, 22 urterekin bertigoa ematen zidalako. Taldeko hurrengo gazteena 30 urteen bueltan dabil... Denek esaten zidaten lasai egoteko adinaren kontuarengatik, baina zalantzak izan nituen, oraindik nire bizitzan ez dagoelako deus ere finkatua. Batez ere, taldeak animatu nau. Talde polita iruditu zitzaidan, lan-erronka politarekin. Erronka pertsonala ere izan da. Norbaitek egin behar du. Nigana etorri baziren, zerbaitengatik izango zen, eta posible nuenez ardura hartu... Badakit gorabeherak izango direla, baina uste dut esperientzia polita izango dela. Asko animatu ninduen Olaiak (Lasa), lehendik bagenuen harremana eta. Eta Agurtzanek (Lekuona), aurreko Gazteria zinegotziak, ere bai. Asko lagundu dit erabakia hartzeko momentuan. Baina arrazoi nagusia taldea izan da.

Legegintzaldi hasiera nolakoa ari da izaten?

Nahiko lasai hasi gara. Gainera, Gazteria teknikaria aldatu egingo da eta momentu honetan, oporrak direla eta, eez dago; beraz sailean ere lasai gaude. Guk kudeatuko ditugun gauzak -ludoteka, Kuadrillategi...- irailean hasiko dira martxan. Hala ere, lehenengo batzordea egin dugu. Zerbaitetan hasi gara. Gaztetxearekin ere harremanetan gaude, xanistebanei begira. Uste dut irailean hasiko dela dena beste erritmo batean, baina ez gaude geldirik.

Talde bilerekin ere hasi zarete. Nolako sentsazioak ari zara izaten?

Lehenengo bilerara pozik joan nintzen. Astelehen batean, arratsaldeko seietan eguraldi onarekin, ez du planik onena ematen, baina ongi pasatu nuen. Ez dakit nola imajinatzen nuen, baina gustura sentitu nintzen. Oraindik denak ez elkar ezagutu arren, gertukoa izan zen. Bilera bukatutakoan zerbait hartu genuen denek batera, eta kontentu.

Gazteria sailaren ardura izango duzu. Nola ikusten duzu gazteen egoera Oiartzunen?

Uste dut Oiartzunen gazte potentzial handia dagoela. Herri handia gara, 10.000 biztanle ez da gutxi, eta gazte asko daude; xanistebanetako Gazte Egunean ikusten da. Nik, pertsonalki -hau ez da Udalaren iritzia-, galdetzen dut ea gazte horiek non dauden urtean zehar. Potentzial horri nola atera etekin handiena ikusiko dugu pixkanaka. Gazte Egunean biltzen garen 500 gazteak nola ekarri plazara eta kalera urtean zehar. Abuztuaren 5ean badirudi herria gurea dela, baina beste esparru batzuetan ez gaude... Gazteekin lan egiteko prest nago ni.

Zein izango dira legegintzaldi honetan erronka nagusiak Gazteria arloan?

Plangintza teknikariarekin diseinatuko dugu. Erronka handiena etxebizitzaren arloan daukagu. Oiartzunen gurasoen etxetik joateko arazoak ditugu -alokairu garestiak...-. Badugu proiektu interesgarri bat Urkabe Baitan. Oraingoz, etxebizitza fisikoaren plangintza dago egina. Baina egiten direnean, gazteekin diseinatu beharko dugu nolakoak izango diren, irizpideak... Uste dut gazteei interesatuko zaiela proiektu hori, zerbait berria da eta. Kuadrillategi-eta urteroko zerbait da, baina proiektu honek jende asko piztu dezakeela iruditzen zait. Denok nahi dugu etxetik joan: baina nora, nola...? Asko entzuten dudan gaia da inguruan; bada arazo bat.

Aurretik egin den lana ezagutzeko aukera izan duzu?

Agurtzanek azaldu dit batez ere, nire arloaren arduraduna izan dleako; arloaren errepasoa egin dugu. Baina jarraitzen dutenez Iosunek (Cousillas), Eneritzek (Arbelaitz)... bileretan gai berria egiten zaigunoi azaltzen digute zer, nola, noiz... egin den. Dena azaltzen digute, galdera guztiak erantzun... Ioritzek (Aizpuru) ere azaldu dizkit kontu batzuk, Agurtzanerekin batera aritu delako, eta Enekoitzek (Markos) ere bai. Gainera, Enekoitzek taldean jarraitzen du; hortxe daukat.

Iturriozko auzo ordezkaria ere izango zara: zer eskaini nahi diozu zure auzoari? 

Jendea hasi da hurbiltzen. Zinegotzi izan aurretik ere etorri zitzaizkidan batzuk. Proposamenak egitera etortzen zaizkit. Auzoa auzotar guztiena da. Beraz, beharrei erantzun eta jendea kontentu uztea izango da nire helburua.

Gehigarriak

Haizea Saez de Eguilaz, Gazteria zinegotzia: Uste dut Oiartzunen gazte potentzial handia dagoela