Olga Leibar, Feminismo zinegotzia: Uste dut oraindik ez dagoela herri feministarik, baina Oiartzun bide horretan doa

Olga Leibar Mendarte da EH Bilduko Gobernu Taldeko kide helduena, 64 urterekin. Elizalde auzoan jaiotakoa da eta kaskoan bertan bizi da. Erretiratua dago, baina urte luzez Berako Labiaga Ikastolako HHko irakasle izana da. Alaba bat du eta biloba bat ere bai.

Herri mugimenduan zaildutako emakumea da: Errenteriako mugimendu feministan hasi zen gaztetan eta azken urteetan Oiartzungo Feministen Asanbladako kide izan da; El-Watan Sahararen aldeko elkarteko kide aktiboa da eta talde ekologistak ere hurbilekoak ditu.

Legegintzaldi honetan Udaleko Feminismo sailaren ardura izango du. Haurtzaro Ikastolan udalaren ordezkaria ere bera izango da.

Zergatik erabaki zenuen zinegotzi izateari baietz esatea?

Lehendabizi jende batek galdetu zidan eta esan nien zahar xamarra nintzela eta ez nekiela egokia izango nintzatekeen. Erretiratu naizenetik ez naiz gelditu, eta ez dut gelditzeko asmorik, baina ezezkoa esan nien. Gero, Asanblada Feministan ibiltzen den jende bat hurbildu zen nigana galdera berarekin. Etxekoekin solastu nuen eta denen aldetik baiezkoa jaso nuen. Ardura handia iruditzen zait, eta ni oso berde nago lege kontu askotan, baina baietz erantzun nuen, pentsatuz edo aldi honetan zela, edo gehiago ez dela izango.

Zer moduzkoa ari da izaten legegintzaldi hasiera?

Hasiera bizkorra izan da. Entzuten dut beste tokietan askoz mantsoago doazela. Oiartzunen ez dute soka askatu nahi izan esperientzia dutenek, badakitelako uda partea oso luze gertatu daitekeela. Maiatzean izan ziren hauteskundeak eta horrek suposatzen du ekaina, uztaila, abuztua, iraila arte geldirik egotea. Aurreko lau urteetatik datozen taldekideek ez digute utzi tarte hori, eta ongi iruditzen zait. Banabil teknikariarekin eguneratzen. Gauza asko ez dira niretzako errazak, baina denborarekin eta pazientziarekin, zerbait egingo dugu.

Eta taldearen hasiera?

Astelehenero biltzen gara. Batzordeak nork hartu aritu gara lanean, ze galdera ditugun bakoitzak mahai gainean jartzen... Herri bizia da Oiartzun, eta jendeak dakienean zinegotzia zarela kalean geratzen zaituzte proposamenak egiteko. Gauza batzuk egingarriak dira, beraz, zergatik ez ditugu egingo? Udaletxearen egitura motela da, baina badira gauza batzuk ez dutenak hainbesteko zailtasunik eta horiek bederen presa gehiagorekin gauzatu daitezke. Beste gauza batzuek, beriz, aldaketa asko behar dituzte udaletxean. Berdintasunak transbertsala izan behar du. Denok hartu behar dugu parte. Elektrizista batek ere jakin behar du berdintasunaz, herri mailan gauzak ongi egiteko. Denok jakin behar dugu beste ikuspegi batekin lan egiten.

Agurtzane Lekuonaren lekukoa hartu duzu. Trasbase lanean ari zarete?

Hauteskundeen aurretik hasi ginen horretan eta oraindik ere elkartzen gara tarteka. Maitane, teknikaria, ere hor dago eta berak dakizki oso ondo prozedurak, ze lan egin behar diren, zeintzuk diren presazkoak, ze gai eraman behar diren batzordeetara... Bere laguntzaz gauzak asko errazten dira.

Feminismo saila berri xamarra da udal egituraren barruan. Zeintzuk dira horren abantailak eta desabantailak?

Izugarri inportantea da saila egotea. Teknikari batek badaki arlo horretan kudeatzen legediak, planteamenduak, zer egiten den gaizki, zer egin daitekeen... Niri lasaitasun handia ematen dit saila eta teknikaria egoteak. Bestela, ez dut uste jakingo nukeenik oso ondo egiten. Ona da udaletxearentzako eta aldaketa asko ekarriko ditu.

Herriko mugimendu feministaren eta Udalaren arteko harremana nolakoa da?

Nik esango nuke badagoela feeling-a. Zenbait gaietan zuzenean eskatzen da laguntza alde batetik edo bestetik, eta hori ona da. Jarrera zabal eta egokiak daude bien aldetik.

Agian, zenbaiti arraro egin zaio erretiratu batek hartu izana Feminismo arloaren ardura. Zer duzu horren aurrean esateko?

Hala izan bada, esateko ausardia ez du inork izan. Ahal dudan egingo dut lau urte hauetan. Aspalditik nabil mugimendu feministan. Orduan politika ez genuen Oiartzunen egiten, baizik eta Oreretan; ni han ibilitakoa naiz eta mugimendu feministaren jarraipena egin dut beti. Gauza desberdinetan ibili naiz: politika munduan, jakinduria bilatu nahian, feminismoan, ekologismoan... gauza asko abarkatu ditut, eta orain zehatzagoa izatea tokatzen zait.

Xanistebanak datoz. Aste hauetan kasu berezia egingo diozue erasorik gabeko jaiei?

Udaletxetik ari gara gauza batzuk prestatzen xanistebanetarako: eskuorriak banatuko dira, informazio puntuak jarriko dira... Xanistebanetako egun guztietan egongo dira mahaiak Killirikupen eta, aurten, Madalensoroko txosna gunean ere bai. Asanblada Feminista ere ari da txosna antolatzen eta ekitaldi batzuk prestatzen.

Zeintzuk izango dira Feminismo sailaren erronkak aurrera begira?

Badaude herrian zenbait gauza antolatu izan direnak -Empalabramiento, adibidez-  eta horiek jarraipena izango dute. Udaletxean bertan teknikariekin, langileekin eta kargudunekin bilerak egin beharko ditugu ikusteko zer egiten dugun eta zer hobetu eta aldatu daitekeen. Urte guztirako ikuspegia osatuko dugu, zertan lan egin erabakitzeko. Urtea bukatutakoan, baloratuko dugu ondo ari garen eta jarraipena nola eman. Poliki egingo de lana izango da, baina egoki. Hitzaldiak, dokumentalak... ere baditugu eskuartean ikasturtean zehar antolatzeko.

Esango zenuke Oiartzun herri feminista dela?

Uste dut oraindik ez dagoela herri feministarik. Bide horretan goazela, bai. Eta Oiartzun, konkretuki, badoa bide horretan. Zenbait jende lan handia egiten ari da. Baina feminista izateko, orandik asko falta da. 

 

Gehigarriak

Olga Leibar, Feminismo zinegotzia: Uste dut oraindik ez dagoela herri feministarik, baina Oiartzun bide horretan doa