Iosune Cousillas, Kultura zinegotzia: Oso garrantzitsua da kultur aretoa, baina kultur eragileak zer esanik ez

Iosune Cousillas Aramendik 48 urte ditu. Errenterian jaioa, 7 urterekin etorri zen Altzibarrera bizitzea baina gaur egun Gurutzen bizi da, eta bertakoa sentitzen da. Auzo-bizitzan inplikatuta dago eta Jai Batzordeko kide da. Haurtzaro Ikastolan Haur Hezkuntzako irakasle da. Hiru seme ditu.

Udaletxean, Kultura sailaren ardura izaten jarraituko du beste lau urtez.

Beste lau urtez kultura arloaren arduraduna izango zara. Zergatik animatu zara segitzera?

Egia esan, hasiera batean ez nuen pentsatzen beste lau urtez jarraitzea. Aukera beste norbaiti eman behar zaiola uste dut, denok pasatu behar genukeela hemendik. Baina ikusirik alkateak eta alkateordeak jarraitzen zutela, eta  nahi zutela taldeko batzuek ere jarraitzea gauzak errazagoak izateko, berriz proposamena egin zidatenean ez nuen gehiegi pentsatu. Lana eta dedikazio handia da, baina eduki dugun giroa oso ona izan da eta taldeak eta karguak gauza asko aportatu dizkidate.

Kultura aldetik, nolakoak izan dira azkeneko lau urteak?

Uste dut aberatsa izan dela. Gure herria oso bizirik dago: kultur eragile pila bat ditugu. Kultura herritarrek egiten dute eta nire lana izan da horiekin batera joatea, babestea, laguntzea... Gauza berri batzuk sortu dira, besteak beste, Ondarearen Mahaia. Uste dut oso garrantzitsua dela gure ondarea eta transmisioa bermatzeko. Garai batean saiakera batzuk egin ziren, eta momentu honetan badirudi aurrera doala. Pertsona bat kontratatu dugu lan horretarako. Apustu polita da. Mendiburu 14ko eraikuntza berria ere hor daukagu. Kultur aretoa aspaldiko eskakizuna da, eta orain gauzatzera goaz. Egingarria da, eta egingo da. 

Mendiburu 14, Ondarearen Mahaia eta Arizmendi-enea izango dira legegintzaldi honetan kulturako titular nagusiak, ezta?

Beti ere gainerako guztiarekin lotuta. Jarraitu behar dugu kultur eragileekin lanean eta antolatzen dituzten ekintzekin eta mugimenduekin bat eginez. Hiru proiektu horiek izango dira izarrak. Kultur aretoa egiteko garaian, kultur eragileekin kontatzen dugu. Oso garrantzitsua da kultur aretoa, baina kultur eragileak, zer esanik ez: beraiek egiten dute gure herriko kultura eta transmisioa.

Kultur eragileen eta Udalaren arteko harremana nolakoa da?

Harremana ona da. Eta oso zuzenekoa. Kultura teknikari bat badugu, baina jendeak zinegotziarekin egon nahi izaten du. Bilera asko egiten ditut beraiekin. Gustatzen zaio herritarrari nirekin pertsonalki egotea: herri honetan horrela da eta horrela egiten dugu. Uste dut hori berez ona dela, harreman zuzena mantentzen delako eta ez dagoeleko etenik herritarren eta Udalaren artean. Egia da batzuetan, bilera asko pilatzen direnean, nekagarria dela, baina uste dut horrela izan behar duela: elkarrekin ari behar dugu. Teknikaria hor dago lan batzuk egiteko, baina herriak zuzenean Udalarekin egon nahi du.

Legegintzaldi honetan arduraldi zati bat izango duzu udalari eskaintzeko. Horrek erakusten du Udaletik Kultura arloari garrantzia eman nahi zaiola?

Datorren legegintzaldirako hiru proiektu izar ditugu eta datozen lau urteetan lan asko egin beharko dugu. Kultur aretoak denbora asko eskatuko duela uste dut. Fisikoki egingo da, baina kudeaketa eta funtzionamendua nolakoa izango diren zehazteke dago. Hor ordu batzuk joango zaizkigu, ondo egin nahi dugulako. Ez dugu bakarrik kultur aretoa fisikoki eraiki nahi; herritarrekin batera egin nahi dugu eta horrek bilera mordoxka eskatuko dizkigu.

Kultura sailean, uda lan karga askoko garaia da. Nola dator uda hau?

Potente. Ni ez naiz geratu! Ekainaren 15ean hartu genuen kargua, baina niretzako jarraipena izan da, batetik, lehendik hemen nengoelako eta bestetik, xanistebanak ate joka ditugulako. Xanistebanak antolatzen aspaldi hasi ginen. Gau Batzordearekin urtarrilean hasi ginen eta martxoan Jai Batzordearekin. Bilerak bukatu dira; esaterako, festak antolatuak daude baina gauza asko daude lotzeko eta horretan ari gara: Txosna Batzordearekin, ferianteekin, soka-dantzarako gonbidapenak zabaltzen, Oiartzun urtekaria...

Jai Batzordeak Oiartzun-Karaez Senidetza taldea aukeratu dute txupinazoa botatzeko. Baina nortzuk izango dira aurten soka-dantzako protagonistak?

Aurten soka-dantzako gonbidatuak izango dira duela 25 urte soka-dantza berreskuratu zuen korporazioa. Duela 25 sinatu zen Oiartzun-Karaez senidetza eta baita ere badira 25 urte soka-dantza dantzatu zela. Senidetza taldekoek bota behar dutenez txupinazoa eta abuztuaren 1eko ekitaldian aitortza egingo zaienez, iruditu zaigu oso egokia soka-dantzara gonbidatzea duela 25 urteko korporazio guztia.

Eta abuztuaren 1eko ekitaldia nolakoa izango da?

Ohikoa denez, Oiartzun urtekaria aurkeztuko dugu eta xanistebanetako kartel lehiaketako sariak banatuko ditugu. Oiartzun-Karaez senidetzari aitortza egingo zaio: Karaezko alkatea eta korporazioko lauzpabost lagun etorriko dira. Hori izango da ekitaldi nagusia. Bideo bat osatzen ari gara 25 urte hauen ibilbidearekin eta erakusketa jarriko dugu Oiartzun-Karaez senidetzari buruz. Ondarearen proiektua dela eta, badugu asmoa bideo batzuk jartzeko areto nagusian.

Legegintzaldi hasieran zein inpresio orokor ari zara izaten?

Oso ona. Egia da azken lau  urteetan ohitu naizela jende batekin lan egitera eta lehenengo egunean arraroa izan zela aurpegi berriak ikustea. Atxikimendu bat sortzen da eta dolu moduko bat egin behar da, haiekin bukatu dela eta berriekin hasten zarela konturatzeko. Oso talde indartsua da etorri dena, jende gazte asko dago ilusioarekin, eta hori oso garrantzitsua da. Gu beraiekin lan egiteko oso prest gaude. Orain gehiago gara eta lanak banatzea errazagoa izango da. Talde potentea dela uste dut eta elkarrekin oso ongi egingo dugula lan.  

Gehigarriak

Iosune Cousillas, Kultura zinegotzia: Oso garrantzitsua da kultur aretoa, baina kultur eragileak zer esanik ez