Jon del Olmo, Ogasun zinegotzia: Urtez urte auzo batzarretan azaldu dugun moduan, udalaren egoera ekonomikoa hobera doa

Jon del Olmo Larrañagak 30 urte dauzka. Elizalde auzokoa da eta bertan bizi da, baina lotura berezia du Altzibarrekin, haurtzaroa auzo hartan pasatu zuelako. Ingeniaria da ikasketaz eta Mondragon Unibertsitatean irakasle eta ikerlaria da lanbidez.

Azken bi urteetan izan da zinegotzi Oiartzungo Udalean. Ogasun eta kontu berezien sailaren arduraduna izango da legegintzaldi honetan ere.

Bi urte egin dituzu zinegotzi gisa. Dagnekoe ezagutzen duzu barnetik Udalaren funtzionamendua. Horrek jarraitzeko laguntza eman dizu?

Dudarik gabe, aurreko aldian proposatu zidatenetik erabakia hartzeko informazio gehiago izan dut oraingoan. Taldeko partaide batzuk ezagunak dira, udalaren funtzionamendua ere bai. Horrek laguntzen du zalantzarik gabe. Gainera legegintzaldia bukatzeak ez du esan nahi lanak bukatu ditugunik eta oraindik badugu zer egina.

Hala ere, zinegotzi kargua hartua aurretik ere 2015/2019 legegintzaldiko lantaldeko bileretan kide aktiboa izan zinen.

Bai. Aurreko legegintzaldiaren hasieran taldea osatu zutenek interesgarria ikusi zuten ni bertan egotea, nahiz eta aukeratua ez izan. Egia esan, ondoren kargua hartzeko garaian garrantzitsua izan zen. Trantsizioa xamurtu zuen.

Ogasun arloaren ardura duzu. Zein da Oiartzungo Udalaren egoera?

Urtez urte auzo batzarretan azaldu dugun moduan, Udalaren egoera ekonomikoa hobera doa. Aurreko legegintzaldietan egindako kudeaketari esker, esan dezakegu orain has gaitezkela proiektu berrietan pentsatzen. Zorra milioi batetik behera dugu eta horrek inbertsioak egiteko aukera ematen du. Proiektu estrategikoak ere martxan jartzen ari gara (Arizmendi, Mendiburu 14, Gizarte-Ongizate saila indartzea, poligono industrialak etabar) eta hori aurrekontuen kudeaketa onaren seinale da. Gainera, Alkatetzatik ahalegin berezia egin da erakundeekin elkarlana bultzatzeko eta emaitzak eman ditu.

Kanpora begira, ez da hainbeste ikusten Ogasun arloa. Hori ona edo txarra da?

Ona eta txarra, biak esan daiteke. Aipatzen ez bada normaltasunaren seinale izaten da. Gauzak bere bidetik doazela, alegia. Txarra ere bada ordea, jendeak gauzak egintzat ematen baititu askotan. "Urtetan horrela egin direnez, jarrai dezagun arurera". Baina kudeaketan eta udalean aldaketak datoz (administrazio elektronikoa, gardentasun legeak, araudi berria) eta horretara moldatzen joan behar dugu. Herritarrek argi eduki behar dute inbertsioak egiteko lehenik zergen eta tasen kudeaketa egokia egin behar dela.

Dirulaguntzen ordenantzak martxan jarri dira arlo ezberdinetan urte honetan. Hori aurkezten aritu zarete sail guztietako eragileei. Lan handia izan da?

Urtebete baino gehiago pasatu genuen gai hau lantzen 2018 bukaeran araudi berria onartu zen arte. Ez da aldaketa erraza, udal sail guztiei eta herritar askori eragiten dien gaia baita. Baina aspalditik egungo legedira moldatu beharra genuen udalaren funtzionamendua. 2019a trantsizio urtea izango da, gu ere ikasten ari baikara. Dirulaguntzek garrantzia handia dute herriaren dinamizazioaren oinarrietako bat baitira, eragileekin batera. Hori horrela izaten jarraitzeko, gardentasunez jokatu behar dugu diru publikoaren kudeaketan. Hori izan da egin ditugun bileretan eman dugun mezua, eta herritarrek ulertu dute. Badakigu kudeaketa edo tramitazioa zailduko zela kasu batzuetan, baina urtetik urtera hobetzen joango gara. Eskertzekoa da jendearen prestutasuna eta horrela adieraziko diegu etorkizunean beraiekin egoten garenean.

Ogasunaz aparte, beste ardura batzuk badituzu udaletxean. Udala parte-hartzailegoa eta elektronikoagoa egiteko lanean ere bazabiltza. Etorkizuna zein da?

Zinegotziek lan ezberdin asko egin behar izan ditugu nahiz eta gure sailaren ardura ez izan. Nire kasuan teknologia berrien inguruan aritu naiz. Administrazio elektronikoa iritsi da, eta ezin dugu atzean geratu. Bulego elektronikoa martxan jartzeko ahalegina egin da eta horretan jarraitu behar dugu. Horrek herritarrekin harremana estutzen ere lagunduko digu, eskaera orria betetzea horma ikusizen bat baita askotan.

Herriko ondarea biltzeko egitasmoa ere martxan da. Iosune Cousillasekin batera, buru-belarri zabiltza horretan. Zergatik da beharrezkoa egitasmo hau?

2017 bukaeran hasi ginen ideia lantzen eta Iosunerekin batera taldea osatuta jarraitu dugu horretan. Herritar ugarik eskatu zuten horrelako zerbait egitea, Oiartzungo ondarea sakabanatuta zegoela ikusten baitzuten. Ideia ezberdinak bilduta ondarearen mahaia martxan jarri genuen eta teknikari baten kontratazioarekin, dezenteko abiadura hartu du proiektuak. 2019ko lehenengo seihilekoan gutxi-gorabeherako mapa bat egin dugu, zer daukagun jakiteko. Orain hori herritarren eskura jartzeko prozesua hasi da. Lehenengo emaitzak baditugu. Ondare batzordeko lantalde batek udazkenerako Erroten inguruko jardunaldia antolatuko du. Xanistebanetako bideo guztiak ere digitalizatzeko prozesuan daude, denon eskura egon daitezen. Informazio guztia webgune batean biltzeko proiektua ere martxan dago. Azken finean, ondarea erabiltzeko moduan jartzea da helburua, horrekin bizirik mantentzea lortuko baitugu.

Gehigarriak

Jon del Olmo, Ogasun zinegotzia: Urtez urte auzo batzarretan azaldu dugun moduan, udalaren egoera ekonomikoa hobera doa