Olaia Lasa, Gizarte-Ongizate zinegotzia: Herri gutxik izango dute epe ertainean Oiartzunek izango duen lekua Gizarte zerbitzu eta Gizarte-Ongizate sailarentzat

Olaia Lasa Olaziregik 32 urte dauzka. Ugaldetxo auzokoa da, eta bertan bizi da. Gizarte Hezkuntza eta Psikopedagogia ikasketak ditu eginak eta gizarte hezitzailea da harrera etxe batean.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) talde euskaltzaleko kide izana da, eta ondorioz, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunekoa ere bai.

Udalean, Gizarte-Ongizate sailaren burua izango da 2019/2023 legegintzaldian. Horrez gain Feminismo, Parte-hartze eta Kultura batzordeetan ere parte hartuko du. Gobernu Batzordeko kide ere izango da.

Zinegotzi izateko proposatu zizutenean, zergatik esan zenuen baietz?

Garrantzitsuena izan zen Gizarte-Ongizate saileko arduradun izatea eskaini zidatela, eta arlo horretako ikasketak ditut eginak. Gainera, udaletxeko Gizarte zerbitzuen arloa bada nire lan-bizitzan ikusi ez dudan atal bat. Niretzako erronka bat zen eta, aldi berean, ikasteko aukera izugarria udaletxean barrutik ikustea nola funtzionatzen duen eta nola lan egiten den.

Nola bizitu zenuen kargu-hartzea?

Pixka bat urduri, baina urduriago bizitu nuen hauteskunde kanpainako ekitaldia. Hitz egin beharrak kargu-hartzean baino urduriago jarri ninduen. Baina ez dakizu zer izango zen kargua hartzea, eta emozio pixka bat ere sentitzen da.

Nolakoa ari da izaten hasiera hau?

Informazio pila bat ari naiz jasotzen. Galduta ere sentitzen naiz batzuetan, gauzak asimilatzen ari naizelako.  Domi (Azpiroz, Gizarte-Ongizate zinegotzi ohia) oso ongi ari zait dena azaltzen, zatika-zatika. Bestela, gauza gehiegi dira denbora gutxian barneratzeko. Pixkanaka ordenatzen joango naiz dena.

Gizarte-Ongizate sailaren ardura izango duzu zure gain. EH Bilduren programaren arabera, Gobernu Taldearen lan-ildo nagusienetako bat izango da. Horrek errespetua ematen du? 

Alde batetik errespetua ematen du, badakizulako lana egongo dela, baina beste alde batetik motibazioa ere bai. Datozen lau urteetan sail indartsua izango da, udaletxeak apustua egin du sail honen alde. Horrek motibatzen nau lau urte hauetan indarra jarri den sail horretan lan egiteko eta gauza politak egiteko.

Garrantzitsua al da Gizarte-Ongizate arloan indarrak jartzea?

Uste dut herri guztien eta gizartearen oinarria dela ongizatea. Ongizaterik ez badugu, gauza gutxi lortuko ditugu. Oinarri-oinarria da.

Datozen lau urteetan zeintzuk izango dira Gizarte-Ongizate saileko lan-ildoak eta erronkak?

Aurreko lau urteetan lan asko egin da helduen munduarekin: erretiratuak, adinekoak... Herria geroz eta zaharragoa da adinez, eta horrekin lotuta behar berri asko ari dira sortzen. Datozen lau urteetan hori hobetzen eta eskaintza osatzen joan beharko dugu, geroz eta gehiago izango direlako beharrak. Nire erronka pertsonaletako bat adin txikikoekin lotuta egongo da. Beti adin-tarte horrekin lan egin izan dut. Ikusi  beharko da zer egiten den, zein behar dauden... Baina adin-tarte horrekin aritzea da erronketako bat.

Gizarte zerbitzuen toki aldaketa ere legegintzaldi honetan aurreikusten da, ezta?

Hori oso garrantzitsua izango da. Ia herri guztietatako udaletxeetan Gizarte-Ongizate saila udaletxeko txoki txiki batean sartuta dago, normalean izkutuan eta ilunpean. Oso garrantzitsua izango da gizarte zerbitzuak herriaren erdigunean jartzea, eraikin txukun batean, dagokion tokia emanez.

Gizarte-Ongizate saila estigmatizaua dago?

Noski baietz. Normalean, inori ez zaio gustatzen besteek norbere etxeko arazoen berri izatea. Horrek eragiten du gordetzea, dena lotuta dago. Kasualitatea al da Gizarte zerbitzuak beti egotea udaletxeko txoko batean gordeta, lehenengo solairuan? Bada, ez. Horri buelta eman behar zaio. Herri gutxik izango dute epe ertainean Oiartzunek izango duen lekua Gizarte zerbitzu eta Gizarte-Ongizate sailarentzat. 

Gobernu Taldea biltzen hasi zarete. Zein sentsazio ari zara izaten?

Oso onak. Ezagutu, ia taldekide guztiak ezagutzen nituen aurretik, baina orain talde egiten eta harremanak sendotzen hasi gara. Niretzako oso garrantzitsua da aurreko legegintzalditik datozen zinegotziak eta berriak nahastea taldean. Hauteskundeak izan dira, baina udaletxeak bere martxan jarraitzen du, eta hori lehendik dauden zinegotziei esker da. Besteok pixkanaka ari gara trenera igotzen.

Gehigarriak

Olaia Lasa, Gizarte-Ongizate zinegotzia: Herri gutxik izango dute epe ertainean Oiartzunek izango duen lekua Gizarte zerbitzu eta Gizarte-Ongizate sailarentzat