Eneritz Arbelaitz Sarasti (EH Bildu) izango da 2019/2023 legegintzaldiko alkateordea
Eneritz Arbelaitz Sarastik 32 urte ditu eta Altzibarren bizi da. Biologian lizentziatua da eta, Hondakinen Kudeaketan eta konpostan aditua. Emarrin harri-tiratzailea eta Intxixu Trail-Girizia Mendi Lasterketak taldeei eskaintzen die bere denbora librea.
Alkateordea izango da aurreko legegintzaldian eta ardura hori betetzen jarraituko du 2019/2023 legegintzaldian. Mendi-Ingurumen eta eta Parte-hartze zinegotzia ere bera izango da.
Oiartzungo Udala ordezkatuko du San Markos Mankomunitatean; Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzan; Udalbiltzan; Euskal Fondoan; Gipuzkoako Parketxe Sarean eta Hobekin.
Zinegotzi izatea jarraitzea proposatu zizuten eta onartu duzu. Zergatik?
Lau urtean zinegotzi izatea zer den bizitu dut. Oso urte intentsoak izan dira, izan ere, zure eguneroko bizitza aldatzen da, hartzen duzun ardura horrek zugan eta ingurukoengan ere eragiten du, denbora asko inbertitzen baita. Beraz, proposamena jasotzean, guztia baloratzen duzu, lau urteetan bizitutako guztia eta etor daitekeenean ere pentsatezn duzu. Baina azkenean, bizipen horiez gain, proiektu bat eta talde bat dago, eta horretan lan egin eta zure aletxoa jartzeak asko betetzen du. Gustuko tokian, aldaparik ez esaerak ongi adierazten du nik sentitzen dudana. Lau urte hauetan oso gustura sentitu naiz gainontzeko zinegotziekin, nire ingurukoek ere babestu naute, eta horrek proiektu honen alde lan egiten laguntzen dizu.
Nola bizitu duzu zure bigarren kargu-hartzea?
Kargua hartzeko momentua, hauteskundeak... momentu garrantzitsuak dira. Azken finean, herritarren ordezkari izendatzen zaituzte, eta erantzukizun handiko momentuak dira. Hala ere, eta gure taldearen lan egiteko modua halakoa delako, momentu horiek bezain garrantzitsuak dira egunerokotasunean herritarrekin, herriko elkarteekin eta auzoetan biltzean ditugun momentu horiek. Izan ere, udaletxean ez gaude lau urtean isolatuak. Herriarekin lan egiten dugu, beraz, erantzukizun hori egun bakarrean ez da sentitzen, baizk eta egunero.
Zeintzuk dira alkateordearen funtzioak?
Aurreko lau urteetan Udaleko funtzionamendua ikasi dut eta bestalde, herriko funtzionamendua ere gehiago ezagutu dut. Lau urte hauetan bi horiek nola uztartu daitezkeen ikasten aritu gara. Udala eta herria ez dira estankoak, bizirik daude biak. Beraz, ezinbestekoa da uneoro uztarketa lan hori nola egin pentsatzen aritzea. Horretarkao ezinbestekoa da taldean lan egitea, bai beste zinegotziekin eta baita herritarrekin ere. Behin hori bermatuta, gure proiektua martxan jartzea da helburua. Kasu honetan, egitasmo eta proiektu asko jarri ditugu martxan lau urtean, eta daotzen lau urteetan martxan jarritakoaren fruituak jasoko ditugu, eta egitasmo berriak ere martxan jarriko ditugu.
Aurreko legegintzalditik, zer da zapore onena utzi dizuna?
Ilusioa. Zinegotzi guztiak berriak ginen, denak ikasteko eta ekintzak egiteko gogo ikaragarriarekin. Eta herritarren babesa jaso genuen. Horrek guztiak ilusioa sortu zigun, eta lanean hasi ginen. Kanpotik ez dakit nola bizitu duten herritarrek, baina esango nuke martxa ikaragarrian hasi ginela lanean, baina ilusio hori dela eta, nekerik gabe martxa horrekin jarraitu dugula esango nuke. Horrek ekarri du herri programan genituen egitasmo asko eta asko egin ditugula.
Mendi-ingurumenean, aurreko legegintzaldian egindako garrantzitsuenak zeintzuk dira? Eta hurrengo erronkak?
Ingurumena oso ikuspegi orokorrarekin ulertzen dut nik. Herri bezala Oiartzunek badu naturarekin harremana, eta errespetuzkoa izatea da oinarrizkoa. Horretarako ikuspegi ezberdinetatik egiten dugu lan, eta aurreko legegintzaldian hainbat pauso eman dira: lehen sektorearekin loturik Lurbizi egitasmoa jarri da martxan, edota mendietako larreen mantenurako Larre Plana egin da. Ildo beretik jarraituko dugu: dugun ondare naturala baloratzen eta egoki kudeatzen, eta herri bezala garatzeko bidean ematen ditugun pausoak ingurumen irizpideekin ematen.
Hondakinen gaian, oiartzuarrok ongi ari garela erakusten dute datuek. Hobetu al daiteke?
Udalak hondakinak bildu egiten ditu, eta bilketa datu horiek dira aurkezten dizkiogunak herriari. Baina, dudarik gabe, badago zer hobetua. Izan ere, ez dugu ahaztu behar hondakinik onena sortzen ez dena dela. Bestalde, gaikako bilketaren datua bezain garrantzitsua da errefusaren datua, eta Oiartzunen errefusa asko sortzen da eta kale garbiketan asko jasotzen da. Arlo horretan lan handia dago egiteko. Bestalde, ekarpen guneetako bilketa hobetzea izan da datozen lau urteetako helburuetako bat. Hondakinen kudeaketan beste eragile batzuk ere parte hartzen dute, eta horietan kudeaketa egokirako neurriak jartzeko lanean jarraituko dugu.
Azken urteetan San Markos Mankomunitatearekin harremanak ez dira errazenak izan: legegintzaldi honetan nolakoa izatea espero duzue?
Lehen esan dudan bezala, beste eragile batzuek ere parte hartzen dute oiartzuarron hondakinen kudeaketan, eta horietako bat da Mankomunitatea. 2014tik 2017rako aurrekontuak epaitegietara eraman genituen, eta ondorioz nuluak deklaratu dituzte. Gure ustez hori mankomunitatean gauzak aldatu behar direnaren adierazgarri da. Orain arteko kudeaketa eredutik hondakinen kudeaketa egokirako eredura pausoak eman behar dira, eta hori da guk behin eta berriro defendatu duguna. Hasteko, guk horretan sinisten dugulako, baina bestetik, Europako Zuzentarauaek ere hala esaten dutelako. Ikusiko dugu mankomunitatea nola osatzen den eta aurrera begira lehendakariak zein jarrera duen pausoak emateko.
Komertzio txikiaren biziberritzean, zein da Oiartzungo panorama? Zer lortu da aurreko legegintzaldian? Zein harreman dago Udalaren eta Itturriren artean?
Oiartzunen egoera oso berezia daukagu: auzoak sakabanaturik daude, zentro komertzial asko ditugu inguruan, Internet bidezko erosketak gehitzen ari dira... eta horrek guztiak eragina du gure herriko komertzio txikian. Baina argi dugu komertzio txiki horiek funtzio oso garrantzitsua dutela herrian. Alde batetik, kaleko bizitza mantentzen laguntzen dute. Bestetik, herriko ekonomian eragiten dute. Eta hori dela eta, egoeraren diagnostikoa egin genuen komertziante eta herritarrekin, eta aurrera begirako ekintza plana egin zen. Ekintza planaren baitan komertzioen elkartea biziberritzea zegoen, eta aurrkeo legealdian Itturri merkatarien elkartearekin horretan aritu gara, hitzarmen bat sinatu dugu. Ziur nago harreman honekin jarraituta herrian indarra hartzen joango dela elkartea eta ekintza planean jasotakoa betetzen joan beharko dugu elkarlanean.
Xorrola eta taxibusa dira Udalak zuzenean kudeatzen duen garraio publikoa. Udalak garraio publikoa hobetzeko ze proposamen ditu esku artean?
Herria sakabanaturik egoteak eragin zuzena du mugikortasunean. Hori dela eta, aspalditik ditugu bi zerbitzu horiek. Bien erabilera igotzen ari da, eta zerbitzua hobetzen joan behar dela argi dugu. Horregatik Xorrolako zerbitzua zabalduko da aurten eta Lurralde Garraio Agintaritzan sartu gara, Mugiko sistemaren abantaila guztiak Xorrolan ere izateko. Taxibusaren kontratua datorren urtean berritu beharko da, eta baloratu beharko dugu nola hobetu zerbitzua. Hala ere, mugikortasuna garraio publikoa baino askoz gehiago da, eta oinezko bideak egoki mantentzeari ere garrantzia ematen diogu, baita bidegorri sareari ere.
Urmendi Haur Eskola Udalarena da, 0-3 hezkuntzan apustua egin zuen bere garaian Udalak eta horretan jarraitzen du.
Oso ongi baloratua dagoen zerbitzua da, bai herrian eta baita herritik kanpo ere. 0-3 urteen artean espezializatua dagoen hezkuntza proiektua daukagu berta eta eredugarri bihurtu da. Proiektu herrikoia dela azpimarratuko nuke, profesionala, eta horrek emaitzak ematen ditu. Oiartzuarrak jaiotzen direnetik herritar sentitzen ditugu, eta proiektu hau horren adierazle da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika