Eskola Agenda 21eko ikasle ordezkariak alkatearekin batzartu dira

Klima aldaketaren inguruan egindakoaren berri eman, konpromisoak adierazi eta Udalari eskaerak egin dizkiete

Eskola Agenda 21eko batzar berezia egin dute gaur Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasle ordezkariek. Jexux Leonet alkatearekin elkartu dira, klima aldaketaren inguruan herrian egin duten azterketaren berri eman, hartutako konpromisoak adierazi eta Udalari eskaerak egiteko.

Lehenik eta behin, ikasturtean egin dituzten ekintzen berri eman dute: 50/50 egitasmoa martxan jarri da Elizalde eskolan; inkestak egin dituzte; Ekofish programan parte hartu dute Elizalde Herri Eskolan; Labore ezagutu dute Haurtzaro Ikastolan; ikastolako festetan hondakinak murrizteko neurriak hartu dituzte; formakuntza saioak egin...

Herrian egin dituzten inkesten berri ere eman dute. Etxean, kalean eta, komertzio, jatetxe eta dendetan galdetu dute. Honela, klima aldaketa zer den oiartzuar gehienek badakitela ondorioztatu dute ikasleek, eta neurri batzuk hartzen badituzte ere, gehienek onartzen dute "klima aldaketaren kontra gehiago egin" dezaketela, batez ere "mugikortasun eta hondakinen" arloetan.

'52 keinu' eta 50/50 egitasmoen aurkezpenak

Haurtzaro Ikastolako DBH 4. mailako hiru ikaslek 52 keinu egitasmoa aurkeztu zuten. Klima aldaketaren kontra, etxean hartu ditzakegun zenbait neurri azaldu zituzten: argia itzaltzea; argi naturala aprobetxatzea; hormak txuriz margotzea; iturriko ura edatea; janari beroa hozkailuan ez sartzea; orrien bi aldeak erabiltzea; boltsa berrerabilgarriak edo orgatxoak erabiltzea erosketetan...

Elizalde Herri Eskolako ikasleek, berriz, 50/50 egitasmoa azaldu dute. Ura eta energia aurrezteko programa hau martxan jarri da eskolan ikasturte honetan. Hartutako neurriekin 2.235,33 € aurreztua lortu dute aurten. Kopuru hori jasoko dute eskola komunitateak: erdia, energia aurrezteko inbertsioetara bideratuko da eta beste erdia, nahi dutenera.

Ikasleen konpromisoak eta eskaerak

Ikasleek hartutako konpromisoak azaldu zituzten: hamaiketakoa zorro berrerabilgarrian eramatea; ikastetxeetako erosketen arduradunek formakuntza jasotzea; ikastetxe eremuetan berdeguneak jartzea edota 50/50 egitasmoarekin jarraitzea.

Udalari, berriz, eskaera batzuk egin dizkiote: Zuhaitz Eguna igandera aldatzea eta DBHkoentzako Zuhaitz Eguna sortzea; erreka garbiketak antolatzea; etxeetan eta komertzioetan energia aurrezteko neurriak diruz laguntzea; udal eraikinen berokuntza sistema hobetzea; bertako produktuak eta ekoizleak ezagutzera emateko kanpainak egitea; tuperrak erabiltzeko kanpainak sustatzea; autokonposta eta auzokonposta indartzea; Elizalde eskolan patineteak uzteko tokia antolatzea; gazteak elkartzen diren eremuetan (parkeak, Ibargain parkea eta labaderoa) zakarrontzi gehiago jartzea edota Udalaren autoak aldatzean ibilgailu elektrikoen aldeko apustua egitea.

Bukaeran, Jexux Leonet alkateak hartu du hitza. Batetik, ikasleek egindako lana "eskertu" du eta bestetik, "proposamenak aztertuko" dituztela hitz eman, "guretzako lehentasunezkoak baitira".

2019/2020 ikasturte hasieran berriz elkartuko dira ikasle ordezkariak eta udal ordezkariak. Egindako eskaeren errepasoa egin eta Eskola Agenda 21n landuko duten gai berria aurkezteko. Gaur aurreratu dute zein izango den: biodibertsitatea.

Gehigarriak

Eskola Agenda 21eko ikasle ordezkariak alkatearekin batzartu dira