Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Orokorra auzitara eramango du Oiartzunek

Euskara arloko diru-laguntzen ordenantza onartu zen

Maiatzeko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. 2015/2019 legegintzaldiko azken saioa izan zen.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrari administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarriko dio Oiartzungo Udalak, Gobernu Taldearen aldeko botoekin. Plan Orokorraren tramitazio garaian alegazioak tarteratu zituen Oiartzungo Udalak, baina aintzat hartu ez dituztenez, auzi errekurtsoa jartzea erabaki zuen atzo zinegotziek. 

Auzi errekurtsoa jartzeko arrazoi nagusia Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak (PIGRUG) "udal eskumenak urratzen dituela" da. Izan ere, hondakinen bilketa eta tratamendua udal eskumenak dira. Aldundiaren PIGRUGak, ordea, ez du hori onartzen.

EAJk kontrako botoa eman zuen.

Laguntzak Gazte Izanak, Katin Txiki, Aldeguna eta Auzokalterentzat

Gainerako puntu guztiak ahobatez onartu ziren. Hala, hitzarmenak onartu ziren Gazte Izanak eta Katin Txiki elkarteekin. Erretiratuek, urteko jarduerak antolatzeko 10.000 €ko diru-laguntza jasoko dute aurten eta, herriko memoria historikoa aztertzen eta jendarteratzeko jardueretarako, 30.000 € Katin Txikik.

Era berean, Arraguako eta Ergoiengo festak diruz laguntzea onartu zen, 5.100 €ko laguntzekin bakoitza. Aldeguna eta Auzokalte elkarteei erabiltzen dituzten udal lokalak beste lau urterako uztea ere onartu zen.

Euskara arloko diru-laguntzen ordenantza ere onartu zen, baita Ergoien, Gurutze eta Karrika auzoi garraio publiko zerbitzua eskaintzen dion taxibusaren hitzarmena luzatzea (Oiartzungo Taxilarien Elkartearekin).

Agurrentzako tartea

Agurrentzako tartea izan zen udalbatzarraren bukaeran. Jexux Leonet alkateak esan zuenez, "positiboki baloratzen dut bi taldeen artean egon den harremana eta egin dugun lana. Diferentziak baditugu, baina gai askotan iritsi gara adostasunera". Ondoren, "bereziki taldekide" izan dituenei eman zizkien eskerrak, eta hitz gozoak izan zituen gehiago zinegotzi izango ez diren Ioritz Aizpuru, Domi Azpiroz, Agurtzane Lekuona eta Iñaki Pikabearentzat, baita 2015-2017 artean Ogasun zinegotzi izan zen Juan Inazio Ansarentzako ere.

Agurtzane Lekuonak, EH Bildurekin berriz aurkeztuko ez diren zinegotzien izenean hartu zuen hitza: "Eskerrak eman nahi dizkiegu zinegotzi izateko aukera eman diguten herritarrei eta herri mugimenduan egunero lanean aritu direnei; beraiekin lan egitea ederra izan da, herri bat bizirik sentitzen delako beraiei esker. Udal langileei ere eskerrik asko, eta lau urtean bidelagun izan zareten zinegotzi guztiei, baina batez ere gure taldekideei: ohorea eta pribilegioa izan da talde honen kide izatea".

EAJko Rafael Bergaretxek ere hartu zuen hitza. "Udalbatzako eta alkatetzako kideekin harremana egokia eta zuzena izan da, eta hori eskertzekoa da, gu gustura egon gara", esan zuen.

Gehigarriak

Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Orokorra auzitara eramango du Oiartzunek