Herriko ikasleekin egindako IKT-en gaineko azterketak jakinmina piztu du gurasoen artean

Telefono mugikorraren erabileraren inguruan irizpideak jaso zituzten atzo azterketaren gidarien eskutik

Gizarte-Ongizate sailak bideratzen duen Adin Txikiko Mahaiak hirugarren aldiz IKT-en erabilerari buruzko azterketa egin du herrian. Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako LH 5-6 mailetako DBHko ikasle eta gurasoek galdetegia erantzun dute horretarako. Gaztetxoek egiten dituzten erabilerak aztertu ondoren, horiek hobetzeko ekintzak planteatu dira ikastetxeetan eta gurasoekin ere formakuntza landuko da.

Atzo, Arkaitz Lareki EHUko Didaktika saileko irakasle eta azterketaren zuzendariak, eta Javi Bravo Agintzariko hezitzaileak gurasoei aurkeztu zizkieten datuak eta, batez ere, telefono mugikorraren inguruko zenbait aholku eta irizpide eman zituzten, erabilera desegokien prebentzioa sustatzeko.

40 guraso baino gehiago hurbildu ziren aurkezpenera, gaiak kezka sortzen duen seinale.

Datu orokorrak

Azterketa orokorren arabera, pertsona bakoitzak egunean 40 aldiz begiratzen du telefono mugikorra. Kopuru hori gehitu egiten da geroz eta gazteago izan.

Azterketek diote 13-17 urte bitarteko neskek sare sozialen erabilera grafikoa hobesten dutela eta mutilek, berriz, jolasetan ibiltzeko erabiltzen dituztela.

Espainiako estatuan, 11 urterekin haurren %51k du telefono mugikorra. Kopuru hori %93ra igotzen da 15 urterekin. "Euskal Herrian dugun maila sozio-ekonomikoarengatik, pentsatzekoa da kopuru horiek altuagoak direla hemen", esan zuen Arkaitz Lareki irakasleak.

IKT eta sare sozialetan ohikoenak diren erabilera desegokiak phising-a (pasahitzak lapurtzea), sexting-a (eduki sexualeko irudiak trukatzea), spyware-a, mendekotasuna, grooming-a, gezurrak zabaltzea, ciberbullying-a, erronkak, sharenting-a (gurasoek euren seme-alaben argazkiak partekatzea... dira. "Ez dira ohikoak, baina gertatzen dira", azaldu zuen Larekik. Horregatik, gurasoak arlo honetan formatuak egotea zeinen garrantzitsua den azpimarratu zuen.

Oiartzungo ikerketaren datuak

Herrian egindako azterketatik jakin ahal izan denez, Oiartzungo gaztetxoek gehien erabiltzen dituzten sare sozialak whatssapa, Instagrama (galdetutakoen erdiak baino gehiagok badu), gmaila eta Snatchapa dira.

Oiartzungo azterketan, erabilera desegokiak ez dira kopuru handietan identifikatu. Hala ere, ikasleek onartu dute zenbait erabilera desegoki egiten dituztela: helduen edukiak bisitatu (%20); aitortzen dutena baino gehiago erabili IKT-ak; whatssap taldeetatik kanpo utzi ikaskideak; ezezagunen laguntasun eskaerak onartu; baimenik eskatu gabe argitaratu edo partekatu besteen argazkiak...

Hala ere, azterketak erakusten du erabilera desegokiak murrizten direla ikasleak helduago diren heinean. "Arriskuen pertzepzioa geroz eta handiagoa izan, erabilera desegokiak gutxiago dira. Horregatik, komeni da arriskuen pertzepzioa altu mantentzea", gehitu zuen Larekik.

Ze adinetan eman behar zaio telefono mugikorra seme-alabei?

Geroz eta lehenago izaten dute telefono mugikor pertsonala haur eta gaztetxoek. "Jaunartzeetako opari izarra bihurtzen ari da mugikorra" kontatu zuen Larekik.

"Ze adinetan eman behar zaio telefono mugikorra seme-alabei?". Hori zen atzo bildutako guraso gehienen kezka. Larekik argi adierazi zuen: "Ez dago soluzio bakarra, haur eta familia bakoitza eta haien egoerak ezberdinak direlako". Hala ere, berak, ahal dela DBH arte atzeratuko lukeela telefono mugikorra ematea gaineratu zuen.

Telefono mugikorra erabiltzeko baldintzak, etxeko denentzat

Telefono mugikorra seme-alabei ematerakoan, erabilera baldintzak eta mugak zehaztea garrantzitsua dela azpimarratu zuen Larekik. Horrez gain, gogora ekarri zuen "gurasoak eredu direla, seme-alabek euren jarrerak errepikatzen dituztelako". Horregatik, mugikorren inguruan jarritako arauak etxeko guztientzako izatea komenigarria dela dio ("adibidez, seme-alabek otorduetan ezin badute mugikorra mahaian eduki, gurasoek ere ez dezatela eduki").

"Gurasook telefono mugikorraren emate prozesuan egon behar dugu, erabilera gainbegiratu eta gaztetxoek erabilera arduratsua egiten dutenean, aukera gehiago eman".

Sare sozialekin lotuta, Larekik eta Bravok, biek jarri zituzten indarrak gaztetxoei gurasoek transmititu behar dieten ideia batean: edozer argitaratu edo partekatu aurretik, pentsatzeko. Horrez gain, profil pribatuen eta nortasun digitalaren garrantzia azpimarratu zuten.

Ekintzak zehatzak ikastetxeetan

Hemendik abiatuta, Adin Txikiko Mahaiak ekintza zehatzak jarri ditu martxan herriko ikastetxeetan, ikasleekin IKT-en erabilera arduratsua lantzeko.

Aurten, LH 5. eta 6. mailetako ikasleekin bi saio egin dira eta DBH 1. eta 2. mailakoekin, hiru. LHko ikasleekin ikerketaren datuak aztertu eta IKT-en erabilera arduratsuaren inguruko kartelak egin dituzte. DBHkoekin, datuak aztertu ondoren, IKT-en arriskuen inguruan aritu dira sakonago.

Javi Bravo hezitzaileak dinamizatu ditu saio horiek: "Askotan ikasleak ez dira kontziente egiten dituzten erabileren arriskuez, dena broma gisa hartzen dute".

Horrez gain, ikastetxe bakoitzak gai honen inguruko protokoloa diseinatua du eta erabilerak erregulatuak. "Erabilera desegokiak identifikatzen dituztenean, aktuatzen dute".

Atzoko saioan aurreratu zenez, 2019/2020 ikasturte hasieran gurasoei bideratutako beste hitzaldi bat antolatuko da, kasu  horretan, erabilera desegokiak ematen direnean nola jokatu lantzeko.

Gehigarriak

Herriko ikasleekin egindako IKT-en gaineko azterketak jakinmina piztu du gurasoen artean