Oiartzungo, Hernaniko eta Usurbilgo udalek 2017ko San Markos Mankomunitateko aurrekontuak aurkaratu zituzten eta orain eman du epaitegiak ebazpena
Oiartzungo, Hernaniko eta Usurbilgo udalek 2017ko San Markos Mankomunitateko aurrekontuak aurkaratu zituzten eta orain eman du epaitegiak ebazpena. 2014ko, 2015eko eta 2016ko aurrekontuak ere baliogabetu zituen epaitegiak.
Ebazpen hauen irakurketa egin nahi dugu hiru herrietako ordezkariok. Legealdi honetan mankomunitateko batzarretan eskatu dugun bezala, berriro gogorarazi nahi dugu hondakinen kudeaketan zerga-sistemak garrantzia berezia duela. Ez da guk esaten duguna soilik, Europako Hondakinen Zuzentarauak ere hala baitiote. Hondakinen kudeaketa egokia egitea bultzatzeko eta gaizki egiten dutenak zigortzeko oinarrizkoa da hori. Hori dela eta, ezinbestekoa da San Markos mankomunitateko aurrekontuak eta herri bakoitzak egin beharreko ekarpenak egiteko moduak oinarri horiek bereganatzea.
Bide horretan behin eta berriro errepikatu dugu erabiltzen ez ditugun zerbitzuengatik ez dugula deus ordaindu behar. 2014, 2015 eta 2016ko aurrekontuen auzian ere argi geratu zen hori. 2017ko aurrekontuetan mankomunitateak saiaketa bat egin zuen aldaketarako, baina gure harridurarako garbiguneen kostua Garbigunea dugun herriongan ezarri zuten. Garbiguneak hondakinen bilketa egokia egiteko ezinbesteko azpiegiturak dira, hondakin bereziak egoki kudeatzeko bilketa berezitua egin behar baita. Beraz, hondakinen berrerabilpena eta birziklapena bultzatzeko azpiegiturak dira. Ahalik eta gehien erabiltzea izan beharko luke helburua, eta ez erabiltzen duena zigortzea. Hondakinen hierarkiaren aurkako neurria da beraz 2017ko aurrekontuetan ezarritakoa.
Gogoratu nahi dugu San Markos mankomunitatean hondakinen bilketan daturik onenak ditugunak hiru udalerriok garela, biltzen ditugun hondakinak garbien biltzen ditugunak ere gu garela (biohondakinaren azken karakterizazioak ere adierazi duen bezala) eta hondakinen hierarkia lan egiteko oinarri dugula (Europako Zuzentarauak behartzen duen bezala).
Lau urtean jarraian tribunalek San Markoseko aurrekontuak nuluak deklaratzea ez da makala eta horrek zerbait adierazten du: Mankomunitateko kudeaketa txarra dela adierazten du, eta txarra izatez gain, bidegabea dela. Oiartzungo, Hernaniko eta Usurbilgo udalen aurkako jarrera adierazten du, baita hiru herriotako herritarrekiko ere. Hondakinen kudeaketa jasangarria egitea zigortu da eta honek ezin du horrela jarraitu.
Mankomunitateko beste herriei ildo honetan pausoak emateko eskatu nahi diegu. Benetan hondakinen kudeaketaz hitz egiteko gonbita egin nahi dugu. Lau urtean jarraian Mankomunitateko aurrekontuak nuluak izendatzea oso adierazgarria baita eta uste dugu honek bultzatu behar gaituela hondakinen legedia betetzera eta benetako neurriak hartzera: hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena bultzatzeko neurri fiskalak lantzera, inbertsio plangintza ildo horretan proposatzera, bilketa datuak aztertzera, hondakinen purutasuna ezagutzera, trazabilitatea bermatzera...
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika