Europako zuzentarauak betetzeko elkarlanean jarraituko dute Hobeki elkarteko udalerriek
HOBEKI elkartea 2018ko ekainean aurkeztu zen eta Oiartzun, beste zenbait udalerrirekin batera, kide da. Hondakinen erabileran erakunde publikoen jokabideak ere nabarmen eragiten du. Hobekiko kide garen herriok konpromiso erabatekoa dugu kudeaketa jasangarri eta arduratsuarekin, eta arlo honetan eragin nahi dugu.
Bide horretan, Euskal Herrian dagoen egoera aztertu nahi izan dugu. Ez dagoenez hondakinen kudeaketarako politika antolaturik, herrialde bakoitzaren egoeraren azterketa egin dugu.
Gaiaren inguruan hitz egitean, ezinbestekoa da arazoaren muinera joatea. Hiri hondakin solidoen kudeaketan gaur egun nagusi den eredua jasangaitza da, bere oinarria ekoitzi-erabili-bota baita. Ezinbestekoa da hondakina baliabide bezala ulertzea. Europar Batasuneko ildo estrategikoak baliabideen efizientzia maila altuago bat lortzeko bidean ezarri dira. Europa eraginkor bat lortzeko ibilbide orrian-n baliabideen aprobetxamendu eraginkorra finkatzeko estrategiak definitzen dira, eta hondakinen kudeaketa eta prebentzioarekin batera, ekoizpenari eta hondakinen fluxuari buruzko araudi espezifikoa eta hauen kudeaketa eta eliminazioa ere zehazten dira.
Era berean, 2018ko udan publikatu zen Europako Hondakinen Zuzentarauak Europako estatu guztiak ondorengo helburuak betetzera behartzen ditu: 2020 urterako hiri hondakinen %50 birziklatu eta berrerabiltzera.
Euskal Herriko egoera
Europak ezarritako helburuak ez dira aukerazkoak, bete beharrekoak baizik. Zein da Euskal Herriko egoera? Betetzen al ditugu helburu horiek?
Euskal Herriak eredu eta estrategia ezberdinak garatu ditu azken urte hauetan hondakinen kudeaketa eta tratamenduari dagokionez. Baina, Europako zonalde batzuetan Europak ezarri dituen helburuak betetzen ari diren bitartean, Euskal Herrian ez.
Ipar Euskal Herriko datuak ez ditugu berezituak, Akitania guztiko datuak batzen baitituzte. Beste lurraldeei dagokionez, oso egoera ezberdinak ditugu. Nafarroak beteko lituzke helburuak. Araba eta Gipuzkoa tramitatzen ari diren planek helburuak betetzeko ekintza estrategikoak zehazten dituzte, zenbait kasutan zehaztasun askorik gabe. Bizkaiak plan baten beharra du, zaharkitua luzatuz ari baitira.
Zer dela eta ez ditugu Europako Zuzentarauaren helburuak betetzeko gidalerroak zehazten? Zer egiten ari gara gaizki?
Egia da gauza on asko egin ditugula eta hobekuntzak sumatzen ari garela. Baina orain arte indarrak errefusa tratatzeko teknologia eta prozesua hobetzen jarri ditugu, errefusa murrizteko estrategiak garatu beharrean. Zabortegietara edo errauskailuetara bideratzen ditugun hondakinen artean errekuperatu eta birziklatu daitekeen hondakin asko dago.
Hobetzen lan asko egiteko daukagu oraindik. Sortzen ditugun hondakinen zatirik handiena organikoa delarik, hor dago gakoa.
Aipatu behar da oso zaila dela datuak lortzea, eta zailagoa konparatzea. Izan ere, lurralde bakoitzean datuak modu ezberdinean ematen dira. Datuen arloari dagokionez, ezinbestekoa da Hondakinen Behatokia egotea, datuak modu bateratuan emateko.
Azterketaren ondorio nagusiak
- Europak ezartzen dituen helburuak ez ditugu betetzen Euskal Herrian eta horretarako bitartekoak landu beharra daude.
- Errefusarekin material birziklagarria jasotzen da eta errefusa murrizteko politika zehatzak zeharka aipatzen dira plan estrategikoetan.
- Organikoa bereizi eta egoki kudeatzea oinarrizkoa da Europako neurriak betetzeko.
Aurrerantzean, HOBEKIk azterketa honen arabera egingo du lan. HOBEKI Euskal Herriko hondakinen kudeaketa hobetzeko Euskal Herriko Toki-erakundeen elkartea denez, aurrerantzean jardunbide egokiak proposatzen eta zabaltzen jardungo du. Gure printzipioekin bat egiten duten tokiko erakundeekin lanean jarraituko dugu, interes komunaren mesedetan lankidetza sustatzen jarraitzeko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika