Aste honetan herrian gertatu den eraso matxista gaitzetsi du Udalak

Mugimendu feministak biharko antolatu duen elkarretaratzean parte hartuko du Udalak 

Oiartzungo Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure herrian aste honetan gertatutako eraso sexistaren kontra, eta Udalaren laguntza nahiz babes osoa adierazi nahi die erasoa pairatu duen emakumeari eta bere ingurukoei. Oiartzungo Udalak dituen baliabide guztiak jarri ditu erasotutako emakumearen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.

Oiartzungo Udalak gertaeraren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa egiaztatu eta erkatu ondoren, Emakumeen aurkako indarkeriari erantzun publikoa emateko Protokolo instituzionala aktibatu du informazioa baloratzeko eta, biktimari eta bere gertukoei egokia den arreta eman ahal izateko beharrezko koordinazioa ziurtatzeko. Arreta egokia bideratu dela ziurtatu eta gero, Oiartzungo Udalak erabaki du Udalaren jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen duten erasorik.

Hori dela eta, atzo udalbatzarrak ahobatez onartu zuen Oiartzungo Feministen Asanbladak biharko, martxoak 1, eraso matxista salatzeko antolatu duen elkarretaratzean parte hartzea (19:00etan, Doneztebe plazan). Herritarrak ere gonbidatu nahi ditu elkarretaratzean parte hartu eta gaitzespen argia agertzera emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik emakume guztiena.

Gehigarriak

Aste honetan herrian gertatu den eraso matxista gaitzetsi du Udalak