Bederatzi etxebizitza merkaturatu dira alokairu duinean orain arte Etxebizitza Bulegoaren bidez

Oiartzunen etxe hutsak dituzten jabeak ASAP eta Bizigune programan parte hartzera animatu nahi ditu Udalak

Oiartzungo Udalak 2016an jarri zuen martxan Etxebizitza Bulegoa, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez zerbitzua ematen duena, eta ordutik, gure herrian 9 etxebizitza merkaturatu dira alokairu duinean ASAP eta Bizigune programen bidez.

Orain arteko datuei esker, badakigu oiartzuarrek alokairuan bizi nahi dutela. Aldiz, etxe hutsak behar ditugu. Horregatik, etxejabeei dei berezia egin nahi zaie ASAP eta Bizigune programei buruz informatzera hurbildu daitezen Etxebizitza Bulegora.

ASAP eta Bizigune programek abantailak eta bermeak eskaintzen dizkiete etxejabeei. Oiartzungo Udalak ere ematen dizkie laguntzak etxe hutsak alokairura bideratzen dituzten etxejabeei. 

Horren guztiaren berri Etxebizitza Bulegoan jaso dezakete etxejabeek: etxebizitza@oiartzun.eus/943 49 41 29 (Oarsoaldea Garapen Agentzia. Mamut merkatalguneko bulegoak. Astigarragako bidea 2, 2. solairua).

Udalak Oiartzunen alokairu duina sustatzen jarraitzeko asmo argia du. Horregatik, Etxebizitza Bulegoaren proiektuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin egindako hitzarmenekin jarraituko da.

Etxejabeentzako onurak

ASAP eta Bizigune programen bidez etxeak alokairuan jartzen dituzten etxejabeei hainbat onura eskaintzen zaizkie. Esaterako, Oiartzungo Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko deskontua (etxebizitza hutsik edukitzeagatik ordaindu beharko luketen %75 gehigarria beharrean). Gainera, Udalak 60 €ko errenta osagarria ematen du 12 hilabetez eta Efizientzia Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko laguntza (100 € arte).

Horrez gain, obren lizentzian %95eko hobaria eta berritzeko proiektuaren finantzaketa (3.000 € arte), gutxienez programan 3 urtez egoteko konpromisoaren truke (bost urteko konpromisoa Udalaren berritzeko laguntzak jasotzen dituztenen kasuan).

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak ASAP eta Bizigune programetan aseguru hirukoitza sekaintzen die etxejabeei: ordainketa ezak, hondamenak eta asistentzia juridikorako aseguruan polizak.

Etxejabeen iritziak

Programan parte hartzen duten etxejabeak pozik daude. Hauek dira, esaterako, Josune Santesteban etxejabeak aipatutakoak: "Gazteak alokairu merkeago batekin gurasoen etxetik atera ahal izateko aukera ona da. Alokatzeko garaian sinatzen den kontratuan eskaintzen diren garantiek konpentsatzen zutela ikusi nuen. Bestalde, alokairu kontratua bukatutakoan etxea egoera berean jasoko dudanaren ziurtasuna transmititu zidaten. Oiartzungo Udalak ematen dizkigun laguntzak ere eskertzekoak dira".

Gehigarriak

Bederatzi etxebizitza merkaturatu dira alokairu duinean orain arte Etxebizitza Bulegoaren bidez