Baso politika eredu berri bat aldarrika du Gobernu Taldeak
Urteko lehendabiziko udalbatzarra izan zen atzo. Naturkonek pinuaren gaitzaren kontra Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta basogileek adostu duten aire bidezko fumigazioaren arriskuez ohartarazten duen eta Oiartzunen airezko fumigaziorik egiteko baimenik ez ematea eskatzen zuen mozioa landu zen. Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin atera zen aurrera mozioa, nahiz eta EAJk aurka bozkatu.
Oiartzungo azaleraren erdia baino gehiago basoak dira. Horien %83a lur publikoak dira. Oiartzungo baso azaleraren %10a da pinua. Herrian egin den baso politikaren adierazle garbia da datua.
Eneritz Arbelaitz alkateorde eta Mendi-Ingurumen zinegotziak "Oiartzunen gure ura dugu eta kalitate onekoa bada, gure basoengatik da eta bertan egin den baso-politikarengatik. Basoen fumigazioak kezka sortzen digu. Basogintza eredu intentsiboak sortzen dituen arazoak azaldu dira eta eredu iraunkorraren aldeko apustua egin behar da".
Rafael Bergaretxek, EAJren izenean erantzun zuen: "Oiartzungo kasuan pinu-azalera hain ttikia izanik ez da hain esanguratsua, inplikazio ekonomiko handirik ez dago eta gure posizionamendua beste bat litzateke. Baina beste eskualdeetan egoera desberdina da. EAJk aintzat hartzendu basojabeen kezka eta sektore ekonomiko honi lagun behar zaio, beste inori kalte egin gabe".
Arbelaitzek "gura basoetan metal astunak botatzea denentzako izango da kaltegarria" adierazi zion, biologoen azterketak aipatuz. "Oiartzungo herritarrak daude tartean eta horien interesak zaindu behar ditugu. Hemendik aurrera, basogintza ereduez hitz egin behar dugu, beste herrietan egiten denak ere axola baitigu".
Bergaretxek gehitu zuenez, "nik ez dakit nola gertatu den hau, nola egiten den fumigazioa... baina gu ez gara baso-politikaz eta ekologiaz hitz egitera etorri".
Bai EAJk eta bai Naturkoneko kideek Oiartzunen egin den baso-politika "eredutzat" hartu zuten. "Beharbada, gauzak desberdin egin direlako da egoera hobea Oiartzunen" gehitu zuen Kepa Olaizek Naturkonen izenean.
Kultura eta hezkuntza arloko laguntzak
Zinegotzien eta talde-politikoek hilean jasotzen duten ordainsaria eguneratzea onartu zen atzo, ahobatez. 2016an onartutako tarifei %2ko igoera aplikatuko zaie. Honela, zinegotzi bakoitzak hilean 367,20 € jasoko ditu bere jardunarengatik eta talde politiko bakoitzak 142,80 €.
Herriko bi museo, Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa eta Luberri Ikasgune Geologikoa, kudeatzeko aurten emango diren diru-laguntzak ere onartu ziren atzo: 89.700 € Soinueneari eta 63.777 € Luberriri.
Haurtzaro Ikastolak eta Oiartzungo Udalak sinatuta duten hitzarmenaren baitan, aurtengo diru-laguntza onartu zen (ikasleko 486 €), ahobatez.
Urmendi Haur Eskolari egin beharreko ekarpena ere onartu zen, ahobatez. 0-3 haur hezkuntza zentroan 716.100 €ko inbertsioa egingo du Udalak.
Isasti etxadiko plaza berritzeko lanei hobaria aplikatzea ere onartu zen, ahobatez. Jabetza pribatuko eremua izan arren, erabilera publikoa duelako plazak.
Mahai gainean utzi ziren bi gai, otsaileko penoan lantzeko: hiri-hondakinen eta kale-garbiketaren kontratuaren luzapena, eta Lartaun abesbatzarekin sinatu beharreko hitzarmena.
Protokolo gastuak
Urtarrileko protokolo gastua 0 € izan da. Hala ere, atzoko saioan abenduko protokolo gastuaren datua zuzendu zen: 1.636,54 € izan ziren lore, eskela, luntx eta inprenta lanetan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika