Diru-laguntzen ordenantza, martxan

Kultura arloko eskaerak urtarrilean egin beharko dira

Gizarte-Ongizate, Kultura, Kirola, Euskara, Ingurumena eta Feminismo arloetan ekintzak antolatzeko diru-laguntza eskatu nahi duten eragile, elkarte eta norbanakoek laguntza horiek eskatzeko eta justifikatzeko modua aldatuko da 2019an. Diru-laguntzen Ordenantza onartu du Udalak eta horren ondorio izango da funtzionamendu aldaketa. 

Diru-laguntzen Ordenantzak Oiartzungo Udalak ematen dituen diru-laguntzei irizpide orokorrak ezarri dizkie. Honela, arlo guztietan kontuan hartu beharko dira euskara, berdintasun eta ingurumen irizpideak.

Ordenantza orokorraz gain, sail bakoitzak diru-laguntzak banatzeko irizpideen araudi propioa izango du, arlo bakoitzaren ezaugarri eta berezitasunak kontuan hartuz.

Ordenantza eta araudien berri emateko, Udalak arlokako bilerak egin ditu, eta egiten jarraituko du, elkarte eta eragileetako ordezkariekin.

Kultura arloan 2019an ekitaldiak antolatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea, irekita

Kultura arloko ekintzak antolatzen dituzten eragile eta elkarteek urtarrilean egin beharko dituzte 2019an antolatuko dituzten ekintzen diru-laguntza eskaerak. Udaletxeko sarreran aurkeztu beharko dute dokumentazioa, www.oiartzun.eus webguneko iragarki taulan argitaratu diren argibideak jarraituz.

Gizarte-Ongizate arloan norbanakoei ematen zaizkien diru-laguntzen kasuan, urte guztian zehar egin ahal izango dira eskaerak. Beste arloetako eskaeren epeak, garaia heltzean jakinaraziko ditu Udalak.

Diru-laguntzen eta eskaeren inguruan zalantzarik izanez gero, elkarte bakoitzak dagokion arloko teknikariarekin argitu ditzake.