2019ko aurrekontua behin-behinean onartu du Udalak

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako artelan bat Fermiñenen jartzearen aurrean abstenitu egin da EAJ

Azaroko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Zinegotziek (EH Bildu eta EAJ) ahobatez onartu zuten Euskararen Nazioarteko Egunaren harira EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Hala izan zen, baita ere, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira Gobernu taldeko koalizioak sartutako mozioarekin. Udal gisa, zenbait konpromiso hartu ditu: baliabideak jartzea indarkeriaren kontrako zerbitzuei buruz informatzeko; emakumeen jabekuntza sustatzea; nerabe eta gazteak berdintasunean eraikitako harremanen inguruan sentsibilizatzea; udaleko sail guztietan genero ikuspegia txertatzea; hezkidetza programak lantzea herri mailan; mugimendu feministarekin elkarlanean jarraitzea...

Ez zen hala gertatu herriko mugimendu feministak iazko azaroaren 25eko ekitaldian Idoia Beratarbide eta Ane Narbarte herriko artistek eta herritarrek sortutako hiloramaren erreplika Fermiñeneko obran jartzeko egindako eskaerarekin. Gobernu Taldeak babestuta jarriko da, baina EAJ abstenitu egin zen, "espazio publikoak herritar guztiek bere sentitu behar dituztelako, neutroak izan behar dute. Lan hori artea da, baina atzean ideologia bat dauka eta borroka baten ikurra da. Zilegitasun osoa du baina ez du agertu beharrik herritarren egunerokoan".

Agurtzane Lekuona Feminismo zinegotziak EAJren "jarrerak asko tristatu" zuela esan zuen. "Indarkeria matxista ez da puntuala, egunerokoa da eta gizarteari gogorarazi behar diogu hala dela. Gainera, herriak egindako lan bat herriari bueltatu nahi izan dio mugimendu feministak".

Aurrekontuak aurrera, EAJren abstentzioarekin

2019ko aurrekontua ere onartu zen behin-behinean. 17.325.000 € izango ditu Oiartzungo Udalak. Horietako 1.300.000 € herri ekipamenduetara bideratuko dira (Mendiburu 14 eraikina, Arizzmendi-enea...); 150.000 € poligonoetako estrategia industrialerako; 200.000 € oinezko bide eta errepideen mantenurako; 150.000 € auzoetarako; 50.000 € herribideen mantenurako; 40.000 € argiteriaren iraunkortasun energetikorako... Euskara, Kultura eta Kirol sailak mantendu egingo dira eta Feminismo saila sendotu (120.000 €). Gizarte-Ongizate sailera ere diru gehiago bideratuko da, etxez etxeko zerbitzua zabaldu ahal izateko.

Jexux Leonet alkateak aurrekontua onartu aurretik egin den prozesu parte-hartzailea gogora ekrari zuen eta auzo batzarretan izandako "jarrera" eskertu zuen. EAJren proposamenak ere aztertu "eta ahal izan direnak kontuan hartu direla" adierazi zuen.

EAJ abstenitu egin zen: "Nahiz eta proiektuak badauden eta gauza asko egin diren, Urkabe Baita izan da legegintzaldi honetako gure aldarrikapen nagusia eta ez dugu ikusi ezer egin denik. Bestetik, Hondakinen Batzordea sortu zen eta ikusi duguna da Oiartzunek hondakinen politika berretsi duela", esan zuen Rafael Bergaretxek.

Leonet alkateak erantzun zion: "lehentasunak jarri dira herritarren beharrei erantzuteko eta horien araberako inbertsioak egin ditugu. Planeamenduaren arabera Urkabe Baitan egin daitekeena aztertzen ari gara". Bestetik, EAJri gogora ekarri zion hondakinen inguruko ekarpenik ez dutela egin beraien aurrekontuetako proposamenean. "Oiartzunen hondakinen %85 birziklatzen dugu. Zergatik aldatuko dugu ongi egiten duguna?".  Eneritz Arbelaitz Mendi-Ingurumen zinegotziak EAJko ordezkariei gogora ekarri zien azkeneko Hondakinen Batzordean ez zutela parte hartu, "informazio guztia pasatu genizuen eta ez dugu erantzunik jaso".

Azaroko protokolo gastua: 0 €

Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu zen ahobatez datozen hiru urteetarako eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden familia eta norbanakoentzako diru-laguntzak ere bai.

Oiartzungo udaltzaingoak Eusko Jaurlaritzako Barne saileko eta DGTko datu-baseetara sarrera izan dezan hitzarmena onartu zen, ahobatez.

Hondakinen arloan, Errenteriako Udalarekin hitzarmena onartu zen. Honela, Errenteriako landa-eremuko zenbait baserritako bizilagunek, hurbiltasunarengatik, euren hondakinak Zerradiko aportazio-gunean uzteko aukera izango dute. Gauza bera egingo dute Oiartzungo baserri batzuetako bizilagunek, Zentolengo aportazio gunean.

Oiartzungo Bake Epaile Pilar Iparragirre izendatzea ere onartu zen, aurretik izendatutakoaren errenuntziaren ostean.

Azaroko protokolo gastua 0 € izan da.