Aborto eskubide eza eta komunikabideetan indarkeria matxistaren erabilera hizpide datorren astean

Indarkeria matxistaren mila aurpegi azalera ekartzea da Udalaren helburua

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Buelta honetan, indarkeria matxistaren mila aurpegietako batzuk azaleratzeko eta kontzientzia pizteko dokumental-emanaldia eta mahai-ingurua antolatu ditu Udalak, Feminismo sailetik.

Datorren asteartean (hilak 27) Las mujeres decididas dokumentala ikusteko aukera izango da (udaletxeko areto nagusian, 19:00etan). Mundubat GKEak 2017an ekoitzitako lan hau zinema jaialdi ezberdinetan erakutsi dute. Itxaso Diazek eta Higinia Garay zuzendutako lan hau aborto eskubidearen aldeko dokumentala da, El Salvador eta Hondurasko emakumeen errealitate gogorra hizpide hartuta. Emanaldiaren ondoren, bi zuzendariekin solasaldia izango da.

Ostegunean (hilak 29), Alcaserretik La Manadara, indarkeria matxista eta makinaria mediatikoa mahai-ingurua izango da (ordu eta toki berean), June Fernandez eta Nerea Barjolarekin. Fernandez Pikara magazineko koordinatzailea da eta Barjola soziologoak Microfísica del poder, el caso Alcasser y la construcción del terror sexual liburua argitaratu berri du. Komunikabideek indarkeria matxistaren inguruan kontatzen dutena nola erabiltzen den emakumeengan beldurra sortzeko eta gizarte-egitura bere horretan mantentzeko aztertuko dute.