Auzo batzarretan herriaren egoera orokorra partekatu du Udalak

Bizikidetza arazoak izan dira auzo guztietan aipatuenak

Udalak auzotarrekin 2019ko aurrekontuak, herriaren egoera eta, auzoetako beharrak eta kezkak partekatzeko egin dituen batzarrak bukatu dira, joan den astean gazteekin egindako batzarrarekin. Udalak batzar hauek eman dutenaren balorazioa sakona egin du.

Parte-hartzaileen kopurua aurreko urteetako antzekoa izan da (136 lagun guztira). Hala ere, Udalak kezka du parte-hartzea goraka ez doalako. Horrelako gai garrantzitsu eta hurbilekoak Udalarekin zuzenean partekatzeko aukera ez baliatzea pena da.

Auzo batzarretan parte hartu duten herritarrek oso ongi baloratu dituzte edukiak, lantzeko moduak eta bestelakoak. Hain zuzen ere, bizilagunen parte-hartzea da okerren baloratu dena: uste dute herritar gehiagok parte hartu beharko luketela bileretan.

Aurten, legegintzaldi honetan lehenengo aldiz, batzarretan parte hartu dutenen artean gehiago izan dira emakumeak (%53) gizonak baino (%47).

Bizikidetza, arazo errepikatuena

Bizikidetza arazoak eta arauak ez errespetatzeak sortzen dituzten arazoak izan dira aipatuenak (abiadura ez errespetatzea; gaizki aparkatutako ibilgailuak; txakur-kakak; txakurrak solte eramatea; hondakinak lurrera botatzea...). Alegia, herritarren jarrerak dira auzo guztietan errepikatzen diren kezka nagusiak.

Udalak, beraz, herritarrak beren jarreren inguruan hasunartzera gonbidatu nahi ditu. Bizikidetza bakoitzak oso ekintza sinpleak gauzatuz hobetu baitaiteke.

Auzoetan eskatutakoa gauzatzeko ahalegina

Auzoetan legegintzaldi honetan egin diren ekintzak errepasatzeko eta baloratzeko tartea izan da auzo batzarretan. Izan ere, urte hauetan auzoetan landu diren egitasmo gehienak auzoetako eskaeretatik abiatu eta auzoetan kontrastatu dira. 

Hauek izan dira aipatu diren lan nagusiak: Altzibarren, haur parkeak txukundu, Klarene plaza txukundu, auzo lokala egokitu, Altzibar-Iturriotz espaloia berritu eta Cadarso auzotik atera; Arraguan, Larzabal etxadiko aparkalekua berritu eta kirolgunea jarri, Ganboxa berrantolatu, taxi geltokia berreskuratu; Elizalden, Bidegaina berrantolatu eta espaloia berritu, Manuel Lekuona etorbidea berritu, Legarreako irisgarritasuna hobetzeko lanak eta Ibargain ondoko pasabidea argiztatu; Ergoienen, herribideak konpondu, Arbelaitz bidea bidegorriarekin lotu eta hoditeriaren saneamendua; Gurutzen, aparkalekura doan pasabidea argiztatu, piboteak jarri espaloian eta Bizardia atzeko horma egin; Iturriotzen, Tronpeo txukundu eta berrantolatu, Altzibar-Iturriotz espaloia argiztatu eta Xorrolako geltokia tokiz aldatu; Karrikan, sarrera berritu eta bidea zabaldu, larrialdi irteera txukundu eta erreka errekaltzatu; Ugaldetxon, espaloiak konpondu (Ihurrita, Mendibil, Katalintxo), Intxixu aurrean semaforoa jarri eta Iradi bidea -Txipito- asfaltatu.

Epe  motzean egingo diren proiektuak ere aurkeztu dira auzoetan: Cadarso bota (Altzibar); pilotalekua txukundu -hasita- eta igogailua jarri (Arragua); Ormazabal-eneako aparkaleku berria eta Rafael Pikabeako kirolgunea berri (Elizalde -bi lanak hasita daude-); bidegorria txukundu eta lizatu, plazako haur parkea berritu (Karrika); bidegorria eta Kalexa plaza lotzeko zubia eraiki (Ugaldetxo).

Herri mailako ikuspegia

Udala herri mailako ikuspegia auzo guztietara eramaten ahalegindu da. Auzoetako egoera azaltzeaz gain, herri mailan gauzatu diren egitasmo garrantzitsuenen berri eman da auzo batzarretan: Mendiburu 14ko egitasmoa (kultur aretoa, euskalgintza eta Gazte Izanak bilduko dituena) eta Arizmendi-eneako egitasmoak -martxan daude biak-; poligonoak berritzeko eta jarduera industriala erakartzeko -Lintzirin, Aranguren eta Ihurritan egindako lanak- egin den politika industriala; herribideen hobekuntza...

Legegintzaldi honetan martxan jarri diren egitasmo berriak ere aipatu dira: Lurbizi, lehen sektorea biziberritzeko egitasmoa; etxebizitza politika -etxe hutsak alokairu sozialera bideratzeko ASAP programa eta Etxebizitza Bulegoa-; merkataritza ttikia suspertzeko egitasmoa edota Larre Plana.

Legegintzaldi honetan Kultura, Gizarte-Ongizate eta Feminismo sailei eman zaien bultzada ere azpimarratu nahi izan du Udalak. Kultura %18 igo da aurrekontua. Gizarte-Ongizaten, %22,6 eta Feminismo saila sortu da.

2019ko aurrekontuak

2019an, 16.751.174 €ko aurrekontua izatea espero du Oiartzungo Udalak lehen aurreikuspenen arabera, aurten baino %0,69 gehiago. Proposamenaren lehenengo zirriborroa aurkeztu zen auzoetan. Udaletxeko teknikari eta oposizioarekin ere landuta gauzatuko da behin betiko proposamena.

2.000.000 € bideratu ahal izango dira inbertsio errealetara. Izan ere, Udalaren aurrekontuaren zati handiena (%82) ondasun arrunten eta zerbitzuetako gastuetara, pertsonal gastuetara eta transferentzia gastuetara bideratzen da.

Gazteak, lan-munduari eta emantzipazioari begira

Gazte batzarra bigarren urtez egin da aurten. Parte-hartzaile kopurua uste baino txikiagoa izan arren, saio interesgarria izan zen Udalarentzako. Herriko gazteek aisialdiaren antolakuntza euren esku egon behar duela uste dute eta Udalak gazteen emantzipazioarekin eta lan-munduarekin lotutako formakuntza eta laguntzara bideratu behar lukeela bere jarduna.

Hori dela eta, 2019an Gazte Politikara bideratutako 5.000 € batez ere formakuntza, tailer eta mintegietan inbertitzea erabaki da: lan-mundurako formakuntza (curriculumak nola egin, lan-elkarrizketak nola prestatu...), oinarrizko sukaldaritza tailerra (gurasoen etxetik emantzipatzeari begira)... 

Gehigarriak

Auzo batzarretan herriaren egoera orokorra partekatu du Udalak