Etxez etxeko zerbitzua zabaltzeko arautegia egokitu da

2019ko zergak eta tasak KPIaren arabera igoko dira, salbuespenak mantenduta

Iraileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo, 2018/2019 ikasturteko lehenengoa. Besteak beste, 2018rako zerga ordenantza onartu zen ahobatez. Bataz beste, KPI adina igoko dira zergak eta petxak (%2,3), baina salbuespen batzuk ere zehaztu zituen udalbatzarrak. Kasu horietan, mantendu edo jaitsi egingo da zerga edo tasaren prezioa: Xorrolaren txartela; errolda bajak; udal eraikinak erabilera pribaturako erabiltzea; ura eta estolderiaren industriako tasa; etxez etxeko zerbitzua; ondasun higiezinen zerga...

Horrez gain, etxez etxeko laguntza zerbitzua zabaltzeko udal arautegia egokitzea onartu zen atzo, behin-behinean. Horri esker, etxez etxeko zerbitzua asteburuetan ere eskainiko da, urgentziak kasuak barneratzea lortuko da baita onuradunen espektroa zabaltzea ere. Aldaketekin, erabiltzaileentzako zerbitzua ekonomikoagoa izango da, gehienez 15 € ordainduko baitute (astelehenetik ostiralera).

Diru-laguntzen ordenantza onartu da

Oiartzungo diru-laguntzen ordenantzari hasierako onarpena eman zitzaion atzo. Udala eta diru-laguntzen onuradunen arteko harremanaren oinarrizko arautegia izango da hau, nahiz eta gero arlo bakoitzak bere deialdi propioak egin beharko dituen. Jon del Olmo Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, "ordenantza honek ez ditu baldintzak definitzen, baizik eta zer eskatu behar den. Sail guztientzako gida izango da". Ahobatez onartu zen, EAJk atzo aldeko botoa eman baitzuen -batzordean abstenitu egin zen-: "Diru-laguntzetan formaltasuna eta zuzentasuna behar dira". 30 egunez egongo da jendaurrean.

Udal kirol instalazioetako prezioak eta salbuespenak ere onartu zituzten atzo zinegotziek.