Arditurriko Bide Berdearen eguna izango da hilaren 16an

Arditurriko 7. bizikleta martxa izango da

Bide Berdeek badute bidegorriek ez duten berezitasun bat, garai batean trenbidea izanak direla, hain zuzen ere. Arditurriko bideari merezi duen aintzatespena emateko antolatu dugu jarduera hau. Beraz, garai batean Arditurriko meategietatik Pasaiako portura mea garraiatzeko erabiltzen zen trenbidea festa giroan murgilduko da, eta hainbat ekintza antolatu dira egun honetarako.

Egunari hasiera emateko, Arditurriko 7. bizikleta martxa abiatuko da goizeko 10:00etan Oiartzungo Doneztebe plazatik eta Errenteriako Gamon Zumarditik. Horrela, Arditurriko Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino iritsiko dena. Ibilbidearen zailtasuna maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan pare hartzeko irteera puntuan 15 minutu lehenago egotea komeni da.

Antolatu dugun ekintza berezi hau Mugikortasun Astearen garai berean ospatzean da. Hori dela eta, Arditurriko meategietara autorik erabili gabe hurbiltzeko aukera bultzatu nahi da. Horregatik, Oiartzun eta Errenteriako udalerrietatik abiapuntuak ezarri dira. Gainera, EuskoTrenek eta Renfek beren trenetan bizikletak garraiatzeko bagoi bereziak dituzte, nahiz eta eskaera egin behar duzuen, ez baitute aukera hau tren guztietan. Beraz, Gipuzkoako beste herrietatik ere aukera dago Arditurriko bide berdera sartzeko eta martxarekin bat egiteko.

Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategian egongo da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak agortu artean. Horrela, helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezioa murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin segway zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik. Horrez gainera, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izango dute: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin...

Aurten ere saio berezi bat izango da. Trial erakustaldia izango baita 12:00etatik 13:30era. Iker Rodriguez (Euskadiko Trial txapelduna 2016an), Unai Gomez (2017ko Gipuzkoako Trial txapelduna) eta Julen Gomez (2017ko Gipuzkoako Trial 2. saria) irundarrak izango dira saio berezi honen protagonistak, beraz, saio paregabea ikusi ahal izango da.

Arditurri Bide Berdearen 7. Eguna Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu dute, herriko hainbat elkarteren laguntzaz: Lartaun ZTKE, Girizia KKT eta Ttak. Laguntzaileak Euskadiko Triatloi Federazioa, Leurtza Abentura eta Gurpil Artea elkartea izan dira.

Gehigarriak

Arditurriko Bide Berdearen eguna izango da hilaren 16an