Indarkeria matxistaren prebentziorako gunea jarriko da xanistebanetan

Zaintza lanen inguruko sentsibilizazio kanpaina egingo du Udalak

Aurten, indarkeria  matxistaren prebentziorako gunea jarriko du Udalak xanistebanetan, Killirikupean. Abuztuaren 2tik 4ra 18:00etatik 21:00etara eta abuztuaren 5ean 17:00etatik 20:00etara kontzientziaziorako, prebentziorako eta informazio-aholkularitzarako zerbitzua eskainiko da.

Alde batetik, indarkeria matxistaren inguruko eta feminismoari buruzko informazioa eskainiko da. Txapa feministak egiteko aukera ere izango da bertan. Bestetik, sexu harreman parekide eta osasuntsuei  buruzko informazioa eta aholkularitza ere eskainiko da.

Oraindik emakumeok jaietan askatasunean bizitzeko aukerarik ez dugunez, kontzientzia pizteko, ahalduntzeko eta feminismora hurbiltzeko guneak beharrezkoak dira.

Aldi berean, azken urteetan bezala, indarkeria sexistaren aurreko protokoloa eta telefono zenbakiak banatuko dira xanistebanetako egitarauarekin batera.

Zaintzaren inguruko kanpaina

Horrez gain, jaietan denok gozatzeko aukera izan dezagun, zaintza partekatzearen inguruko sentsibilizazio kanpaina egingo du Udalak, etxe guztietara banatuko den eskuorri batekin.

Edozein esparrutan parekidetasuna lortuko bada, orain arte bereziki emakumeek beren gain hartzen dituzten ardurak denen artean partekatzen direnean izango da. Zaintza lanak balorean jartzea ere bada sentsibilizazio-kanpaina honen helburua.

Gehigarriak

Indarkeria matxistaren prebentziorako gunea jarriko da xanistebanetan