Oiartzungo Politika Feministen I. Plana egiten hasi da Udala

Berdintasuneko helburuak, lehentasunak eta esku-hartzeak zehaztuko ditu plan honek

Oiartzungo Politika Feministen I. Plana egiten ari da Udala, Feminismo sailetik. Plan honekin datozen urteetan genero berdintasunaren arloko helburuak, lehentasunak eta esku-hartzeak zehaztuko dira, udal zein herri mailan.

Plana lantzeko abiapuntua 2008an egindako diagnostikoa izango da. Hura eguneratuko da eta, besteak beste, Udaleko sail guztietan genero-berdintasunaren egoera aztertuko da.

Lan hau egitera 14.634,98 € bideratuko dira. Udalak Emakunderen diru-laguntza jaso du, planaren %75a finantzatzeko.

Urte bukaerarako Oiartzungo Politika Feministen I. Plana diseinatuta egongo da. Gisa honetako plana, legez, erakunde publiko guztiek izan behar dute. Udalaren ardura da bere jardun osoan legea betetzea eta eredugarri izatea berdintasunaren arloan.

Formakuntza saioak Udalean eta herrian

Oiartzungo Politika Feministen I. Plana diseinatzen ari den bitartean, Udaleko Feminismo saila udaletxe barruan zenbait ekintza eta formakuntza tailer eskaintzen hasi da: eraso sexisten inguruko formakuntza udaltzainekin; udaleku irekietako hezitzaileentzako hezkidetza tailerra; jai parekideen inguruko lanketa Jai Batzordearekin...

Herri mailako ekintzak ere planteatu dira Feminismo sailetik, Oiartzungo Feministen Asanbladarekin elkarlanean: autodefentsa tailerrak, Sexu Askapenerako Eguna...