Euskaraldiarekin bat egin du Oiartzungo Udalak

HOBEKIko kide bihurtzea onartu da

Uztaileko ohiko udalbatzarrean Euskaraldia egitasmoarekin bat egitea onartu zuten atzo ahobatez EH Bilduk eta EAJk. Erakunde bezala konpromisoak hartzeko prest agertu da Oiartzungo Udala eta herritarrak parte hartzera gonbidatzeko bitartekoak jartzera.

Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziaren arabera, "erronka honek ilusioa piztu digu, baina konpromisoak eskatzen dizkigu norbanako eta udal gisa. Euskarak etorkizuna izan dezan, denon konpromisoa behar du".

Etxez etxeko zerbitzua hobetzeko hitzarmena onartu da

Etxez etxeko zerbitzua hobetzeko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren hitzarmena ere onartu zen, 2019a arte. Hitzarmen honi esker etxez etxeko zerbitzua asteburuetan ere eskaintzea, larrialdiak barneratzea eta erabiltzaileek ordaintzen duten tarifa merketzea lortuko da.

Etxez etxeko zerbitzuaren %70a Udalak finantzatzen du, %24a Aldundiak eta %6a erabiltzaileek. Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, "geroz eta gehiago dira etxez etxeko zerbitzuaren beharra duten oiartzuarrak, horregatik, zerbitzu honen aldeko apustua egin dugu. Horretarako, 2019ko aurrekontuetan diru gehiago bideratuko dugu arlo honetara".

HOBEKIko kide bihurtuko da Oiartzun

HOBEKI elkarteko kide bihurtzea onartu zuen atzo Oiartzunek eta Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotzia izatea Udalaren ordezkaria bertan. HOBEKI toki erakundeen arteko elkarte sortu berria da, hondakinen kudeaketako praktika onen inguruko iritziak eta esperientziak trukatzeko.

Arbelaitzek azaldu zuenez, "Oiartzunen HOBEKIren ideia orokorrak lehendik onartuak ditugu eta 2010etik praktika jartzeko konpromisoak hartuak dauzkagu".

EAJ abstenitu egin zen, Yon Goikoetxearen hitzetan "nahiz eta printzipio gehienekin ados gauden, ez baitugu irizpide argirik elkarte honen aurrean".

Itturrirekin elkarlanean jarraituko du Udalak

Oarsoaldea Garapen Agentziaren estatutuak aldatzeko pausoa eman zuen atzo Oiartzungo Udalak, ahobatez. Helburua Oarsoaldea berezko baliabidea dela aitortzea izango da. Gai zerrendatik kanpo, garapen agentziari 2018ko orain arteko ekarpena egitea onartu zen: 335.240 € bideatuko dizkio Udalak turismo, ekintzailetza, etxebizitza, enpresa eta enplegu kontzeptuetara bideratzeko.

Itturri Merkatari Elkartearen eta Udalaren arteko hitzarmenaren berri ere eman zen. Horren baitan, aurten Oiartzunen bizi, Oiartzunen erosi kanpainaren baitan zozketak eta poltsak egingo dira. Horrez gain, 2010ko egutegia argitaratzea ere adostu da.

Xanistebanetako egitaraua eta aurrekontua onartu dira

Xanistebanetako jai egitaraua eta aurrekontua onartu zituen atzo Oiartzungo udalbatzarrak, ahobatez. Aurten, 98.293 € bideratuko dira festen programara. Gaurtik, www.oiartzun.eus-en aurrekontu guztiak publiko dira.

Xanistebanetakin lotuta, 2016an Espainiako estatuko administrazioak jai egitarauaren barruan zeuden lau ekitaldi debekatu ondoren hasitako bide judizialaren berri ere eman zen atzo. Epaitegiek Udalak "ez zuela objektiboki jokatu" ebatzi du. Leonet alkateak adierazi zuenez, "egoera jasaingaitza bihurtu zuten xanisteban haietan. Dirudienez, zerbaiten errundu gara, baina ez dakigu oso argi zerena". Sententziak ez du inolako ondorio ekonomikorik eta bestelakorik zehaztu Oiartzungo Udalarentzat.

Ekaineko eta uztaileko protokolo gastuak

Ekaineko eta uztaileko protokolo gastuen berri eman zen atzoko batzarraldian. Ekainean, 10,92 € izan ziren luntxetan eta uztailean, 1.130,1 € luntx, otordu, inprenta eta webguneko lanetan.

Gehigarriak

Euskaraldiarekin bat egin du Oiartzungo Udalak