Hobeki, hondakinen kudeaketa arduratsu eta jasangarriaren aldeko udalerrien elkartea aurkeztu da

Oiartzun kide izango da, beste 10 herrirekin batera

Hobeki sortu berri duten udalarrietako ordezkariek aurkeztu zuten atzo, Hernaiko Orona Ideon. Hobeki Euskal Herriko toki entitateen arteko elkartea da eta hondakinen kudeaketa arduratsua eta jasangarriarekiko duten konpromisoak batu ditu.

Zer da HOBEKI?

Hondakinen erabilera gure bizimoduaren isla d.a Kontsumo-ohiturak, pertsonok gizarte-antolaketan dugun tokia, naturarekin dugun harremana, garapena ulertzeko modua... horiek denak agerian geratzen dira hondakinen kudeaketari erreparatuz gero. Eta, herritarron bizimoldeak ez ezik, erakunde publikoen jokabideak ere nabarmen azaltzen dira.

Hala, oso ikuspegi desberdinak daude hondakinen kudeaketaz Euskal Herrian bertan, Are gehiago, ikuspegi kontrajarriak agertzen dira askotan. Izan ere, ez dago hondakinen kudeaketarako politiko antolaturik, herrialde bakoitzak bere erara funtzionatzen du eta, etekin politikoa eta ekonomikoa atera nahi izan zaio konpromiso soziala eskatzen duen gai bati. Askotan erabaki eta jardun okerrak gailentzen dira, unean uneko bulkadei eta interes ekonomiko pribatuei men eginez. Gaur egun, hondakinen legeriak ondo markatzen du zein printzipiok gidatu behar duten kudeaketa, besteak beste, argi azaltzen du tratamendurako hierarkiaren printzipioa, salneurrien eta tarifen politika, eta gardentasunaren irizpidea. Ildo horretatik, osasuna, ingurumena, ekonomia zirkularra... gisako kontzeptuak denen ahotan dabiltza. Nabari da, beraz, erakundeek ekarri dutela beren diskurtsora itxurazko terminologia eta hizkera zaindua. Hala ere, hitz huts horietatik haratago, zoritxarrez, praktika oso bestelakoa da sarritan, nahasmendua sortuz.

Haatik, toki-erakunde askok urteak daramatzagu kontzeptu horiek zorrotz aplikatzen, eta esperientzia desberdinak jorratzen, ingurumena eta osasuna lehenetsiz. Lan horretan, ordea, elkarren arteko komunikazioa eta esperientzia- nahiz iritzi-trukaketa ez dela behar bestekoa konturatu gara. Eta, hain zuzen, hutsune hori betetzeko asmoz, elkarte bat eratzea deliberatu dugu: HOBEKI. Bere bitartez toki-erakundeek egiten dutena beste toki-erakundeen ezagupenera iritsi dadin, eta ondorio zuzeneko ekimenak guztien artean partekatuak izan daitezen. Elkarlana eta koordinazioa helburu dituen elkartea izango da, hortaz, HOBEKI, betiere kontuan hartuta hondakinen kudeaketa eta horren inguruko egikaritzapenak udalen esku daudela.

Hala, HOBEKIrekin bat egin dugun toki-erakundeok erabateko konpromisoa dugu hondakinen kudeaketa ekologiko eta arduratsuarekin, nola teorian hala praktikan. 

HOBEKIren printzipioak:

1) Osasunaren eta ingurumenaren zaintza lehenesten dugu hondakinen kudeaketan. Ez da kudeaketa onik herritarron osasuna arriskuan jartzen badu, edo naturari kalte egiten badio.

2) Herritarrok eta herri-erakundeok elkarren eskutik joan behar dugu. Eginkizun honen izaera kolektiboa nabarmentzen dugu, eta gizalegez jokatu beharra azpimarratzen. Hondakinak ondo sailkatzea guztion betebeharra da, eta ondo sailkatutakoa ondo tratatzea herri-erakundeon betebeharra da. Utzikeriaz eta zabarkeriaz jokatzea, aldiz, ez da inoren eskubidea. Kostu ekonomikoak portaeretara doitu behar dira: ez da onargarria jokabide egokia dutenei besteen utzikeria ordainaraztea.

3) Herritarrak ahalduntzea eskatzen du, lehenik, prozesu osoaren parte aktibo izateko aukera ematea; bigarrenik, hondakin horiekin hasieratik bukaerara zer egiten den garbi azaltzea; eta, hirugarrenik, erabakietan parte hartzeko aukera ematea.

4) Kudeaketak hondakinen zikloa bere osotasunean hartu behar du, ikuspegi zirkularra landuz. Sortutako hori naturara itzuli behar da, kalterik eragin gabe, eta, ahal dela, modu probetxugarrian. Hondakinak izan bitez lehengai.

5) Edozein tratamenduren abiapuntutzat dugu murriztea. Hondakinik onena sortzen ez dena da. Prebentzio neurriak zorroztu beharra dago, erakundeen inplikazio irmoz.

6) Bilketak eraginkorra izan behar du, horretan oinarritzen baita ondoren tratamendua. Langintza horri dedikatzen zaiona, aurreragoko inbertsioa da. Gaika biltzeak alderdi kuantitatiboari nahiz kualitatiboari dakarkio hobekuntza. Bilketaren emaitza neurtu, ebaluatu eta hobetu beharra dago etengabe, eta zeregin horretan beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aplikatu behar dira.

7) Murriztea, berrarabiltzea eta birziklatzea dira, ordena horretan, lehenetsi beharreko tratamenduak.

8) Europako jarraibideek agindutakoarekin bat, balorizazio materiala hobesten da balorizazio energetikoaren kaltetan. Europako erakundeek garbi adierazi dute gaur egun ez duela zentzurik erraustegirik eraikitzea, Europak lehen ere sobera dituelako horrelako azpiegiturak. Ezetz diegu, halaber, zabortegi konbentzional kutsakorrei.

9) Azpiegitura lokalak lehenesten ditugu, tokiko garapena indartzeko eta garraioa murriztea dakartelako, besteak beste. Era berean, azpiegitura eskalagarrien alde egiten dugu, azpiegitura zurrunak baztertuz, etorkizuna hipotekatu gabe garaian garaiko balidintzera egokitzeko aukera ematen dutelako. Multinazionalen negozio-gosearen aurretik, herritarren interesa lehenesten dugu.

10) Aurrerakuntza teknologikoei duten garrantzia eman behar zaie. Hondakinen sailkatze gero eta finagoa eta xeheagoa beharrezkoa da, eta material egokiak erabiliz, horiek berrerabiltzeko eta birziklatzeko teknologietan inbertitu beharra dago.

Hain zuzen, printzipio horiekin bat egiten dugun herri-erakundeok elkartea erabaki  dugu interes komunaren mesedetan lankidetza sustatzeko. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lau udalek sortu dute HOBEKI: Hernani, Larrabetzu, Leintz-Gatzaga eta Donemiliagak.b Bste udal batzuek HOBEKIrekin bat egiteko asmoa dugu: tartean, Oiartzun, Antzuola, Berastegi, Segura, Usurbil eta Zaldibia Gipuzkoan; eta Berriatua Bizkaian.

Gauzak horrela, lau konpromiso hartzen ditugu elkartera batu garenok:

1) Elkartearen printzipioak onartzen ditugu, eta hondakinen politika printzipio horien arabera garatzeko konpromisoa hartzen dugu.

2) Udalerriaren unean uneko egoeraren berri emango diogu elkarteari. Horretarako, ahalegina egingo da adierazleen taula osatzen, datuak lortzen, eta eskuratutako datuak elkarteari jakinarazten. Horrela, urteetako bilakaera jasotzeko eta erregistratzeko konpromisoa hartzen da. Egoeraren arabera, udalerriak mailaka sailkatuko dira elkartearekin bat egiten duten momentuan.

3) Udalerriko hondakinen kudeaketarako plangintza bat diseinatu eta martxan jartzeko konpromisoa hartzen da. Plangintza horretan jasotako neurriak eta helburuak koherenteak izango dira elkartearen printzipioekin.

4) Tratamendu finalistara doan zatia ahalik eta txikiena izateko konpromisoa hartzen da. Zabortegi konbentzionalen edo errauste-planten ordez, bestelako tratamendu jasangarriak hobetsiko dira.

Elkartearen tresna nagusia webgune bat izango da: hobekielkartea.eus. Herriek, modu autonomo eta librean, euren ekarpenak edota edukiak zintzilikatuko dituzte, besteen esku edo eskuragarri uzteko. Hala, konpromisoa hartzen dugu geure esperientzia, egitasmoak edota programak webgunean jartzeko, etengabe eguneratzeko, eta, modu horretan, elkarren ekimenez, aberasteko. Egitasmoak partekatzeko, elkarren berri izateko, elkar ezagutzeko, kopiatzeko, tresna izango da, horrenbestez, ezinbesteko lanaesab. Webgunea gure jardunbidearen erakusleihoa izango da: esaten duguna eta egiten dugunaren arteko uztarketaren erakusleihoa, hain zuzen ere. 

Gehigarriak

Hobeki, hondakinen kudeaketa arduratsu eta jasangarriaren aldeko udalerrien elkartea aurkeztu da