Hezkidetzan formakuntza jasoko dute udalekuetako hezitzaileek

Berdintasun eta Gazteria sailek elkarlanean antolatu dute tailerra

Udaleku irekietan lan egingo duten 40 begiralek hezkidetza ikastaroa jasoko dute. Udaleko Berdintasun eta, Gazteria eta Kirol sailek elkarlanean antolatu dute eta Urtxintxa Bizkaia elkarteko hezitzaileek gidatuko dute oinarrizko ikastaroa.

Lehenengo saioa joan den larunbatean izan zen. Hurrengo tailerra, hilaren 30ean izango da, bakoitza lau ordukoa. Helburua Udalak antolatzen dituen udaleku irekietako hezitzaile izango direnek hezkidetzaren oinarrizko printzipioak ezagutzea, hezitzailearen paperaren garrantzia eta udalekuetako programazioaren inguruan hausnarraztea da, jarrera horiek hezkidetzaileak izateko baliabide eta tresnak emanez.

Hezkidetza hezkuntza parekidea bermatzeko metodologia da, banakotasunean, sexuak baldintzatu eta mugatu gabe, askatasunean heztea oinarri duena.

Udaleku irekiak Udalak aisialdi eremuan antolatzen duen ekintza izanik, Udalaren erantzukizuna eta legezko betebeharra da eskaintza ez sexista eta hezitzailea eskaintzea. Oiartzungo 3 eta 12 urte arteko 436 haurrek parte hartuko dute aurten udaleku irekietan.