Euskara ikasleek diru-laguntza eskatzeko epea ireki da gaur

%50 eta %70 arteko laguntzak emango dira

2017/2018 ikasturtean Oiartzungo euskaltegi homologatuan euskara ikasle izan diren oiartzuarrentzako diru-laguntza eskatzeko epea ireki da gaur. Uztailaren 6a arte aurkeztu beharko dira eskaerak udaletxeko harreran (ez da epez kanpoko eskaerarik onartuko).

Baldintza orokorrak betetzen dituzten euskara ikasle guztiei matrikularen %50a itzuliko die Udalak. Baldintza bereziak betetzen dituztenek, berriz, %55 eta %70 arteko laguntza jasoko dute.

Euskara ikasteko laguntzak Oiartzunen erroldatutako guztiek jasoko dute, eskoletan gutxienez %85eko asistentzia izan badute.

Laguntza berezien onuradunak

Beka bereziak jasoko dituzte ikasleek; pentsiodunek; laganbetuek; 12 urte arteko haurren guraso, zaintzaile eta pediatrek; haurdun dauden emakume zein hauen bikoteek; Oiartzungko komertzio eta enpresetako langileek; eta Oiartzungo elkarteetako kideek.

Beken onuradun guztiek (oinarrizkoak zein berezia eskatzen dutenek) aurkeztu beharko dituzte eskaera-orria, errolda agiria, NANaren fotokopia, euskaltegiaren ziurtagiria eta beste laguntzarik jasotzen ez denaren zinpeko aitorpena.

Eskatzaile bereziek hezkuntza zentroko matrikula (ikasleak); familia-liburua (gurasoak) edo familiaren ziurtagiria (zaintzaileak); medikuaren ziurtagiria (haurdunak eta bikoteak); lan-bizitza (langabetuak); elkartearen ziurtagiia (elkarteetako kideak) edota enpresako ziurtagiria (langileak) aurkeztu beharko dituzte; bakoitzak, dagokiona.

Udako ikastaroen laguntza, udazkenean

Udan euskara ikastaroak egiten dituzten oiartzuarrek ere Udalaren laguntza jasotzeko eskubidea izango dute.

Horretarako eskaerak urrian egin beharko dituzte.