Gaixo psikikoen lan-gizarteratzea errazteko Enplegu Zentro Bereziak sortzeko legedia eskatuko dio Oiartzunek Eusko Jaurlaritzari

Nagore Vega izendatu dute Oiartzungo bake-epaile

Maiatzeko udalbatzarra izan zen atzo. Arraztalo eta Aldura elkarteekin adostutako mozioari esker, Oiartzungo udalbatzarrak Eusko Jaurlaritzari Enplegu Zentro Bereziak sortzeko eskatuko dio. Javier Mazizior Errenteriako Aldura elkarteko kideak gogorarazi zuenez, "gaixo psikikoak gizarteratzeko funtsezkoa da lana". Espainiako estatutuan EAE da erkidego bakarra Enplegu Zentro Bereziak ezin direna sortu, legedi faltagatik, nahiz eta eskumena 2010ean eskuratu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Oiartzungo bake-epailea eta haren ordezkatua izendatu ziren atzo. Nagore Vega Telletxea izango da titularra eta Pilar Iparragirre ordezkoa.

Taxibus zerbitzua urtebetarako luzatu da

Ergoien, Gurutze eta Karrika auzoetarako garraio publikoko taxibus zerbitzuaren kontratua urtebeterako luzatu zen, ahobatez.

Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde Herri Eskolan eskolaz kanpoko kirol jarduerentzako hitzarmenak eta laguntza ere onartu ziren. Haurtzaro Ikastolari 33.466,21 € (Eskola Kirola, Eskola Pilota, Muittu! eta koordinazio lanetarako) eta Elizlade Herri Eskolari 14,726 € (Eskola Kirola eta koordinaziorako) bideratuko zaizkie.

Ibargain Musika Eskolan 2018/2019 ikasturteko ikasle oiartzuarrentzako beka irizpideak ere onartu ziren atzo, ahobatez.

Oarsoaldea Garapen Agentziaren aurtengo kudeaketarako 390.875 € bideratuko ditu aurten Oiartzunek.

San Markoseko baliogabetutako aurrekontuak

San Markos Mankomunitatearen 2016ko aurrekontuei Oiartzun, Hernani eta Usurbilgo udalek jarritako errekurtsoaren epaiaren berri ere eman zen: berriz ere Euskadiko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu eta san Markoseko aurrekontuak baliogabetu ditu, ez zituelako aurrekontuak herri bakoitzak erabiltzen zituen zerbitzuen arabera kalkulatu. Gaiarekin lotuta, Eneritz Arbelaitz alkateordeak azaldu zuen San Markosek aurkeztu duela 2014ko aurrekontu birkalkulatuen zirriborroa. Horren arabera, Oiartzuni 9.559 € jasotzea egokitzen zaizkio. Orain, proposamena ongi aztertuko du Oiartzungo Udalak. 

Maiatzeko protokolo gastua 380 € izan da bidaia, opari, harpidetza eta bazkaritan.