Auzo batzarretan herritarren eta Udalaren arteko elkarrizketa emankorra izan da

Parte-hartzea igo da iaztik

Oiartzungo Gobernu Taldeak herriko zortziko auzoetan egindako batzarrek izan duten tonuarekin pozik dago. Zinegotzi eta auzotarren arteko elkarrizketa erraza izan da. Udalak azalpenak emateko aukera izan du eta entzuna sentitu da. Bestalde, herritarrek ere euren iritzia lasai emateko baliatu dute aukera hau. Giro emankorra izan 2017ko auzo batzarretakoa.

Auzo batzarren helburua udalaren egoera eta aurrera begirako erronkei buruz; 2018ko aurrekontuei buruzeta auzoetako egoeraz (egindakoak eta beharrak) hurbiltasunez hitz egitea izan da.

Parte-hartzea, iaztik pixka bat gora

Aurtengo auzo batzarretan 136 lagunek parte hartu dute (horietako %43,3a, emakumezkoak). Iaz baino pixka bat kopuru altuagoa da. Auzo gehienetan mantendu edo gehitu egin da parte-hartzea (Gurutzen izan ezik).

Parte-hartze handiena izan duen auzoa Karrika da, herriko auzorik ttikiena. Auzotarren %11,6k parte hartu zuen batzarrean. Parte-hartze ttikiena, berriz, Elizalden izan da, herriko auzorik handienean: elizaldetarren %0,3.

Adin-tarteari erreparatuta, auzo batzarretara hurbildu diren herritar gehienak 31 eta 65 urte artekoak izan dira (%64,71).

Batzarrak, probetxugarriak

Auzo batzarretan parte hartu duten herritarrak ekarpenak egiteko gogoz hurbildu dira. Auzotarrek ongi baloratu dituzte Gobernu Taldeak aurkeztutako edukiak eta saioak. Auzo batzarren aurkezpenak eta bileren probetxugarritasuna 8tik goiti puntuatu dute herritarrek.

Herritarrek eurek okerren baloratu dutena auzotarren parte-hartzea izan da. Izan ere, auzo guztietan uste dute jende gehiagok parte hartu behar lukeela Udalarekin elkartzeko aukera ematen duten batzar hauetan.

Auzoak, herriaren ikuspegi orokorraren barruan

Auzoetan gehien errepikatu diren kexak eta kezkak herritarren jarrera zibikoarekin lotutakoak izan dira: ibilgailuek abiadurak ez errespetatzea; hondakinak lurrean uztea; txakur-kaken arazoa...

Auzo  batetik bestera, egoera oso ezberdina da. Auzo batzuk egoera onean daude eta mantenu lanak dira behar handienak. Beste auzo batzuk, berriz, egoera kaxkarragoan daude eta inbertsio zein interbentzio handiagoak eskatzen dituzte. Udalak aurrera begira bideratuko dituen lan-ildoak hori kontuan hartuta planteatuko dira.

Udalaren eginbeharra herri guztia egituratzea eta ikuspegi orokorra mantentzea da. Auzoetan ikuspegi orokor hori zabaltzea eta ulertzea oso garrantzitsua da. Batzarretan parte hartu duten auzotarrek oso ongi ulertu dute ikuspuntu hau, eta hori oso pozgarria da Gobernu Taldearentzat.

Gazte Batzarra, lehenengo aldiz

Aurten, Gazte Batzarra antolatu du  Oiartzungo Udalak lehenengo aldiz. Pintxo-pote formatuan bildu da herriko gazteekin. Gazteak (30 urtez azpikoak) dira auzo batzarretara gutxien agertzen den adin-multzoa. Arrazoiak asko izan daitezke, adibidez, Oiartzungo gazteek gaur egun ez dutela auzoekin garai batean zegoen loturarik sentitzen eta euren beharrak ez direla auzoetan hitz egiten direnen berdinak.

Horregatik, gazteen kezkak eta proposamenak jasotzeko, eta udalaren funtzionamendua eurengana hurbiltzeko, saio berezia landu da aurten. Parte hartu zuten gazteek gogotsu, elkarlanerako prest ta ekarpen emankorrak egin zituzten.

Agertutakoek positiboki baloratu zuten batzarra, beraz, hurrengo urtean formatua errepikatuko du Udalak.

Elkarlanaren kultura sustatuz

Auzo batzar guztien aktak publikoak dira www.oiartzun.eus/auzoak atalean. Gazte batzarraren akta ere bertan dago.

Batzar hauen guztien helburua, Gobernu Taldearen aldetik, herritarrek eta Udalak elkarrekin lan egiteko kultura sustatzea da. Horregatik, Oiartzungo Udalak eskerrak eman nahi dizkie auzo batzarretan parte hartu duten herritar guztiei, eta orain arte animatu ez direnei, hurrengo urtean ongietorriak izango direla adierazi.

Gehigarriak

Auzo batzarretan herritarren eta Udalaren arteko elkarrizketa emankorra izan da