Euskararen debekua XVIII. mende hasieran

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izan dugu. Hori dela eta, Oiartzungo udal aktek euskararen inguruan aditzera ematen diguten datu bat plazaratu nahi dugu. Aurreko mendeetako dokumentazio historikoaren portzentaje nagusia erdaraz idatzita dago; gutxi dira testu elebidunak edo euskara hutsean sortutakoak. 

Testu historikoen aprobetxamendua anitza da eta hizkuntzari lotutako datu hauekin zuzenean nahiz zeharka ikus ditzakegu Oiartzunen ere. Batetik, ageriko informazioa dugu, alegia, euskal hitz, esaldi edo testuak biltzen dituzten dokumentuak. Esparru ugaritan agertzen dira: burdinola, errota edo zubiak bezalako azpiegituren inguruko eraikuntza- edo konponketa-hitzarmenetan, abeltzaintza edo nekazaritzari lotutako idatzietan, gizarte ohitura eta usadioei dagokienetan eta abar.

Halaber, zeharkako datuak daude. Udal akordioetako informazioen artean, hainbat profesional kontratatzeko asmoz egindako hitzarmenak ikus daitezke, eskola-maisuak horien artean. Halako eskrituretan bi aldeek betebehar edo baldintzak ezartzen dizkiote elkarri eta horiek errespetatzeko hitza ematen dute. Oso informazio aberasgarriak dira esparru horietan euskarak izan zuen, izan ez zuen edo izan zezakeen presentziarekin lotutako datuak eskuratzeko.

Aktetan topatu ditugun eskola-maisuei buruzko lehenengo aipamenak 1672koak dira. Matias Fagoaga besamotza eta Karlos Irisarri jardun horretan aritzea adostu zen. Beraien egitekoak honakoak ziren: "ambos los otorgantes de maestre escuela de niños y niñas del dicho Balle, enseñándoles a leer, escriuir, contar, ajudar a missa y la dotrina cristiana". Urte gutxiren buruan Irisarri zendu zen eta Fagoagak lanhorretan jarraitu zuen, eragozpen fisikoak eragozpen; lana ondo antzean egin zuela ematen du, 1677ko abenduan bere kontratu sei urtez luzatu baitzen. Orduan jasotzen zen moduan, bere jardunean bete beharreko helburuak honakoak zituen:

"enseñándoles y documentándoles a leer, escriuir, contar, ayudar a misa y la dotrina christiana y otras oraziones y virtuosas en nombre y gloria de Dios, nuestro Señor, y vien d´ellos y enseñándoles ansí vien la urbanidad, cortesía y modo con que se an de portar sin que por y negligencia de dicho Mathías de Fagoaga pierdan los niños en natural que trajeren".

Hizkuntzaren inguruan ez da inolako aipamenik egiten XVII. mende hasiera arte, 1702ko ekainera arte. Andres Albirenarekin garai hartan hitzartutako kontratuan, maisuak, hurrengo bi urteetan honakoa egin beharko zuen: "los tendrá en la escuela a los muchachos, hixoz de vezinos y moradores del dicho valle enseñándoles la Doctrina Cristiana, leer, escriuir, contar y castellano". Hau da hizkuntzaren irakaskuntzari buruz Bailarako udal-aktetan topatu dugun lehen datua. Ziurrenik aipamenak azkeneko urteetan umeei gaztelaniaz irakasleko helburuak oso zorrotz betetzen ez zirela aditzera eman nahi du. Lanean ardura gehiegi ez jartzearen inguruko salaketak ez dira ezohikoak. Errenterian, adibidez, halako egoera mende t´erdi lehenago dugu, 1547an. 

1704ko abenduaren 6an Oiartzungo udalbatzak Frantzisko Juanberria Urnietako eskola-maisuarekin hitzarmena egin zuen. Maisuaren betebeharrak ez ziren soilik idazten, irakurtzen eta zenbatzen erakustea; hezibide eta portaera onak sustatzeko kontuak ere bazeuden: pertsona nagusiak pasatzerakoan kapela kentzea, birao egiten zutenei zigorrak jartzea eta, hezkuntza zorrotz eta gogorraren isla, eskolan ondo baino hobeto zihoazenei laudoriorik ez egitea; aitzitik, noizean behin zigortu egiten zituzten, nahiz eta errurik ez izan.

Hasieran, Juanaberriaren baldintzetan dotrina euskaraz ematea adosten da: "y podrá mandar a un muchacho que sepa bien, diga las oraciones, a la mañana en bascuenze y a la tarde en romance". Beherago ordea, jarrera hau jazarpen bihurtzen da. Maisuaren egitekoen artean, umeei, eskolan ez ezik, kalean euskaraz hitz egitearen debekua gogoraraztea eta hori bideratzea dago: 

"El berano, desde marzo asta los húltimos de septiembre, yrá el maestro a la escuela a las siete de la mañana y podrá salir como arriua está dicho. Y a la hora de salir les dará orden para que ninguo able bascuenze, y que los acusadores tengan también particular cuydado para auisar al maestro quiénes hablan".

Ordurako salatari eta zigorren dinamika martxan zegoen. Bailararen kasuan eratzuna, zotz edo makiltxoa. Tresna edozein delarik ere, Oiartzungo kasuak beste gauza bat agerian uzten du: zigortu eta debekatu beharreko esparruen artean euskararen erabilera zegoela eta jazarpen honen izaera goiztiarra.

Euskararen inguruko neurriak XVI. mende erdialdetik eman ziren. Batzar Nagusietan prokuradore izateko gaztelania, irakurtzen eta idazten jakin behar zen. Izatez, ez zen euskararen kontrako jarrera, baizik eta elitizazioa eta gobernuaren partaidetza ixtekoa. Ia osotasunean euskaldun elebakar eta alfabetatugabea zen lurralde batean gobernu itxi bat lortzeko eta gobernu-erakundeetan jarduteko baldintzak ziren.

Neurri hauek herrietan pixkanaka ezarri ziren, teorian, askotan ez baitziren bete. Denbora igaro ahala gaztelaniari geroz eta garrantzia handiagoa ematen hasi zitzaion, maisuei eskolak hizkuntza horretan ematea agindu zelarik. Halako erabakiek Borbondarren politika zentralistarekin lotua estua dute. Halakoak zein testuingurutan eta zein helbururekin egiten ziren ulertzeko ezinbestekoa da. 1704a Ondorengotza Gerran garaia zen. Testuinguru horretan hezkuntza eta jazarpen politikak abiaraztea zaila zen.

Oiartzunen ikusten duguna XVII. mende amaieran indarrean zer nolako ideia, proposamen eta ekimen zeuden da. Minez ikusten ditugun neurriak euskaldunek beraiek (udalek) sustatu zituzten, hein batean bada ere.

Gehigarriak

Euskararen debekua XVIII. mende hasieran