Mendebaldeko Sahararen okupazioa salatu du Udalak, Europako Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko eskatuz

Txosti bost urterako Madalensoron lokala utzi zaio

Azaroko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. El Watan eta Mundu Bat elkarteen mozioa landu zen, Europako Jusitizia Auzitegiak 2016ko abenduan Mendebaldeko Saharari buruz eman zuen epaia betetzeko eskatuz. Besteak beste, Mendebaldeko Saharan ustiatzen duten Europako enpresekin harremanik ez izatea eta Sahararen okupazioa normalizatuko duen keinurik ez egitera konprometitzeko eskatzen zuen mozioak.

Jose Luis Paulin El-Watan elkarteko kideak Saharako errealitatearekin izan duen zuzeneko harremana aipatuz, esan zuen "Oiartuznek beti bultzatu" izan duela Saharako herria eta "elkartasun uholdearekin" jarraitzeko eskatu zion Udalari.

Udalak ahobatez onartu zuen mozioa eta Europako Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko esijitu du.

Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartzeko deia

Txost Pilota Elkarteak Madalensoron lokal bat erabiltzeko aukera izan dezan hitzarmena berritu zen atzo. Bost urterako luzatu da epealdia.

Era berean, ura, gasa, argindarra edo hidrokarburoen garraioan lan egiten duten enpresek Oiartzungo jabari publikoa erabili behar badute ordaindu beharreko tasa aldatu da. Jendaurrean dago erabaki hau.

Azaroko protokolo gastua 2.310 € izan da bidaia, otordu, ikurrin eta oroigarri, eta inprenta lanetan.

Batzarra bukatu aurretik, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian gauden honetan, Jexux Leonet alkateak herrian antolatu diren ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatu zuen, besteak  beste, Konpromisotik aD/Ritzera ekimenean.

Gehigarriak

Mendebaldeko Sahararen okupazioa salatu du Udalak, Europako Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko eskatuz