Oarsoaldeko zortzi museo erdi prezioan bisitatzeko aukera

Oiartzungo hiru museoak parte hartuko dute elkarlanean antolatutako ekimenetan

Oarsoaldeko museoek urrirako elkarlanean antolatu dituzten ekimenak aurkeztu dituzte gaur.

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak aipatu duenez, 2014 urtean Oarsoaldea Garapen Agentziaren Turismo sailak bultzatuta, eskualdeko Museoan Mahaia jarri zen martxan. Honen bidez, urte osoan zehar eskualdeko museoek hainbat jarduera egiten dituzte elkarlanean, eta gaur elkarlan honen fruitu diren bi ekimen aurkeztu dituzte. "Museo bakoitzak bere identitate propioa du eta gai desberdinak jorratzen dituzte, baina hau ez da izan eragozpena beraien arteko elkarlanerako. Tematika desberdinak uztartuz, beraien arteko sinergiak sortzeko gai izan dira", aipatu du Leonetek.

8 museo sarrera bakarrarekin

Bietako lehena eskualdeko Museoen Bono berria da. Produktu hau duela urte batzuk sortu zen, eta orain arteko eskaintzari Errenteriako Jantzien Zentro berria gehitu zaio. Eskualdeko zortzi museoak erdi prezioan bisitatzeko aukera ematen digu, urtebeteko epean. Eskualdeko museoetan eta Pasaia eta Errenteriako Turismo Bulegoetan eskuratu daiteke bono 12,50 €ren truke. Gai anitz jorratzen dituzten museoak dira: geologia, musika, historia, literatura, arrantza eta itsas ondarea, arkeologia...

- Arditurri Meatze Gunea (Oiartzun).

- Luberri geologia museoa (Oiartzun).

- Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa (Oiartzun).

- San Marko Gotorlekua (Errenteria).

- Jantziaren zentroa (Errenteria).

- Albaola Itsas Kultur Faktoria (Pasaia).

- Mater museo-ontzia (Pasaia).

- Victor Hugo Etxea (Pasaia).

Ondarearen Europako jardunaldiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak Europar Batasunarekin lankidetzan antolatzen ditu jardunaldi hauek, erakunde ugariren partaidetzari esker eta ondare kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakontzeko helburuz. Horrela, "Pasaia bizia" lemapean iraila eta urrian hainbat jarduera antolatu dira lurralde osoan. Aipatu jarduera hauen barne, gure eskualdeko museoek elkarlanean eta konbinaketa desberdinak eginez, hainbat jarduera antolatu dituzte:

Urriak 7: "Gaskoiniako eta Euskal Herriko musika": Arditurri eta Soinuenearen artean antolatua. Ergoien auzoaren paisaian azken urteetan eman diren aldaketak ezagutzeko egun bateko egitaraua prestatu dute bi museoek. Katua dantzarako tailerra goizez Arditurrin, meategien bisita egiteko aukera doan, eta 18:30ean, Soinuenea ondoan dagoen Auzokalte elkartean udazkeneko kontzertua Joan Francés Tisnèr (goizean tailerra ere berak eskainiko du) eta Alan Griffin musikarien eskutik. Sarrera: 5 €. Kontzertua + afaria: 20 €.

Urriak 22: Luberri Ikasgune Geologikoak eta Mate Museoak Jaizkibelgo paisaia eta bertako itsasertza ezagutzeko aukera emango digute, elkarrekin eskainiko duten natur ibilbidean. Gure paisaiaren jatorriaren berezitasunak azaldu ondoren, leku honen ingurumen-egoera aztertuko da.

Urriak 28: Albaola itsas Kultur faktoriaren ontzigintza Soinuenean: Albaolak eta Soinueneak antolatua. Pasaiako Itsas Kultur Faktoria Oiartzunera mugituko da, itsas ondareak eskualdearen barrualdean duen garrantzia erakusteko asmoz. Egun horretan, 15:00etan Soinuenean arotzak lanean ikusteko parada izango dugu, San Juan baleontziko haritzezko piezak landuko dituzte jendaurrean. Etxeko txikienek ere, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, egurrezko itsasontzi txikiak modu dibertigarrian egiteko aukera izango dute.

Ekintza hauek guztiak doan dira eta parte hartzeko aurretik izena eman behar da Errenteriako Turismo Bulegoan (943 49 45 21) telefonora deituta edo turismoa@oarsoaldea.eus helbidera idatzita.

Gehigarriak

Oarsoaldeko zortzi museo erdi prezioan bisitatzeko aukera