Udala eta Aldundia elkarlanean arituko dira Madalensoro frontoia berritzeko

Jexux Leonet alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko dipuatuak hitzarmena sinatu dute gaur goizean Madalensoro frontoia eraberritzeko obrak direla eta. Foru Aldundiak 397.060 € jarriko ditu lan horietarako, eta Udalak, beste hainbeste. Esku-hartzen horren bitdez, eremu horiek herritar guztiek erabiltzeko baldintzak hobetu nahi dira.

Alkatea eta diputatua frontoia ikusten izan dira, gaur egun duen egoera ezagutzeko eta lekuan bertan hobekuntzan lanen proiektua ezagutzeko.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza hori; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari.

Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez. 

Oiartzungo Udalaren ardura izango da obrak gauzatzea, eta bukatuta egon beharko dute 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Instalazioek kirol erabilera izango dute 10 urteko epean gutxienez.

Hauek izango dira egingo diren lanak: aurreko fatxada eraberritu, eraikina irazgaiztu, irisgarritasun arauetara egokitu eta tentsio baxuko instalazio elektrikoa jarri.

Aldundiak lurraldeko baliabide energetikoak optimizatzeko garatzen dituen politikei jarraituz, plan honetan sartuta dauden proiektuen xede diren eraikinetako jarduketa guztiek proiektuaren eta bukatutako eraikinaren Efizientzia Energetikoko Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

"Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko, eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko", esan du Itxasok.

Jexux Leoneten arabera, "berrikuntza hau oso garrantzitsua da Oiartzungo herriarentzako. Guk, gunea berritzeko plan orokorrago batean sartzen dugu plan hori: Beheko Plaza, Rafael Pikabeako pista anitzeko zona eta Madalensoro frontoia bera".

Bai Oiartzungo Udalak eta bai Aldundiak balorazio ona egin diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Gehigarriak

Udala eta Aldundia elkarlanean arituko dira Madalensoro frontoia berritzeko