Jon del Olmo zinegotziak kargua hartu du

Kataluniako erreferendumaren zilegitasuna aitortu du Udalak

Jon del Olmo Larrañaga EH Bilduko zinegotzia da atzoz geroztik. Ogasun sailaren ardura izango du bere gain, Juan Inazio Ansa Martirenak utzitako tokia betez. Udalbatzarrak ongietorria eman zion atzo, Jexux Leonet alkatearen hitzekin: "Asko pozten gara".

Katalunian erabakitzeko duten eskubidearen aldeko mozio bateratua onartu zuen EH Bilduk eta EAJk. Urriaren 1eko erreferendumari zilegitasun osoa emateaz gain, Espainiako estatuak hartu duen bortxazko jarrera gaitzetsi zuen Oiartzunek. Atzotik, udaletxeko balkoian estelada bat dago, elkartasun keinu gisa.

2018ko zerga ordenantza, jendaurrean

2018ko zerga ordenantzari hasierako onarpena ere eman zitzaion atzo, ahobatez. Printzipio orokorra datorren urtean tasak %1,7 igotzea izango da. Hala ere, gai batzuetan salbuespenak egongo dira eta berdin mantenduko dira (Xorrolako txartela, errolda agirien tramiteak, udal instalazioen erabilera pribaturako tasak...). Ordenantza jendaurrean dago ikusgai.

ELI 2n (Txara eremuan) Orio Txoko Txiki SL eta Udalaren arteko desjabetzeari auzi errekurtsoa jartzea onartu zuen atzo udalbatzarrak, ahobatez. Epaitegiak arrazoia eman dio Udalari, lurraren balorazioa landa-lur gisa egin behar dela adieraziz, hala ere, zenbait akats daude kalkuluetan eta horiek konpontzeko jarriko da errekurtsoa.

Kirol arloko erabakiak

Elorsoro, Madalensoro eta udako igerilekuak kudeatzeko kontratazioa martxan jartzea ere onartu zen atzo. Kontratua bi urterako izango da, baina beste bi urtez luzagarria.

Madalensoro pilotalekua berritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena siantzea onartu zuen, baita ere, udalbatzak. 

Kirol arloarekin jarraituz, Alebin 2. Mailan Kirol Eskolak sortzea baimendu zuen atzo Udalak, beti ere funtzio hezitzailea badute eta Eskola Kirolarekin uztargarriak badira. Gipuzkoa osoan Oiartzun zen Kirol Eskolak baimentzen ez zituen herri banaketako bat eta herriko kirol elkarteek horrek haurrak beste herrietara joatea eragiten dutela argudiatzen zuten.

Abuztuko eta iraileko protokolo gastuen berri ere eman zen: 0 € abuztuan eta 1810 € irailean.

Gehigarriak

Jon del Olmo zinegotziak kargua hartu du