Abaraxka ludotekan ate-irekiak eta izen-emateak hastera doaz

HIlaren 2an eta 3an bilera informatiboak izango dira

Abaraxka ludotekan ikasturtea hastera doa urriarekin batera. Familia eremuko eta ludotekako ate irekiak izango dira urrian. Udalak eskaintzen ditu bi zerbitzuak, Abaraxka ludotekan eremuan, dohainik, Ttak-ek kudeatuta.

Ludoteka zerbitzua LHko ikasleei zuzenduta dago (Oiartzunen erroldatuei edota Oiartzunen ikasten dutenei). Ate irekiak urriaren 3tik 31ra izango dira. Hilaren 3an bertan (asteartea) gurasoentzako bilera informatiboa izango da, 17:00etan ludotekan (zaintza zerbitzua izango da).

Izen-ematea ere egun horretan hasiko da. Abaraxka ludotekan inprimakia jaso eta ate irekien ordutegian entregatu beharko da.

Asteartetik ostiralera, 16:30etik 19:30era egongo da irekita ludoteka. Hezitzaile eta haurrek elkarlanean erabaki eta antolatuko dituzte egin nahi dituzten ekintzak.

Familia Eremua, adin-tartea zabalduta

Familia Eremuaren aurkezpena urriaren 2an (astelehena) izango da, 17:00etan. Aurten, erabiltzaileen adin-tartea zabalduko du zerbitzuak: 0tik 6 urte arteko haurrak dituzten familientzako izango da (orain arte 3-6 adin-tartea onartzen zen).

Familia Eremua haurrek eta familiek astelehenetan ludotekako eremua euren nahieran erabiltzeko aukera da. Gurasoak, aiton-amonak eta haurrak elkarrekin egoteko espazioa da.

Familia Eremua eta funtzionamendua ezagutzeko ate irekiak urriaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean izango dira.

Abaraxka ibiltaria

Asteburutako Abaraxka ibiltaria ere hasiko da larunbatetan, urriarekin batera. Urriaren 7an, irekiera fesa izango da, 16:30ean ludotekan. 

Ondorengo larunbatetan puzgarriak (hilak 14) eta Gau Beltzaren prestaketa (urriak 21) izango dira. Gau Beltza, izan ere, urriaren 31n ospatuko du Abaraxkak.

Gehigarriak

Abaraxka ludotekan ate-irekiak eta izen-emateak hastera doaz