Joko zuzenen testigu izango da Oiartzun asteburuan, Txostek antolatuta

Hitzaldiak eta erakustaldiak izango dira herrigunean

Oiartzungo Udalak eta Txostek elkarteak datorren asteburuan, irailaren 29tik urriaren 1era, Oiartzunen ospatuko den joko zuzenen festaren berri eman dute elkarrekin.

Europako Ondare Jardunaldien baitan kokatzen da ekimen hau Oiartzun, joko zuzenen testigu izenburuarekin. Aurtengo gaia paisaia izanik, pilota jolasek eta pilotalekuek herriguneetan eta mendietan sortzen dituzten paisaia-aldaketetatik abiatu da Txost elkartea ekitaldia antolatzeko orduan.

Txost elkartea joko zuzenak berreskuratzeko azken urteetan egiten ari den lana errekonozitu nahi du Udalak, eta herritarrak pilota modalitate hauek ezagutzeko probestera deitu. Izan ere, gure herriko kultur-ondarearekin estu lotuta dago tradizio hau.

Doneztebe plaza, berriz pilota-plaza bihurtuta

Joko zuzenen festa honek izango du berezitasunik. Izan ere, Doneztebe plaza berriz pilota-plaza bihurtuko da, garai batean bezala. Gainera, Beheko Plaza berrituan ere jokatuko dira zenbait partida.

Txosteko kideek primizia bat ere aurreratu dute: urriaren 8an izango den Artikutzako trenaren Egunean, Zaldingo pilota-soroan bote luzeko partida bat jokatuko da.

EGITARAUA:

Irailak 29, ostirala:

Hitzaldiak: "Joko zuzenak Oiartzunen, lehen eta orain" eta "La plaza frontón, ágora vasca" (udaletxeko areto nagusian, 19:00etan).

Irailak 30 (larunbata) eta urriak 1 (igandea):

Bote luze, errebote, pasaka eta laxo erakustaldiak (Beheko Plazan, Kontzejupean eta Doneztebe plazan, goizez).

Gehigarriak

Joko zuzenen testigu izango da Oiartzun asteburuan, Txostek antolatuta